EH Bilduk herritarrei dei egin die preso katalanen aurkako epaia salatzeko elkarretaratzera joateko

Erabiltzailearen aurpegia da hau EHBilduAzpeitia | Politika
2019ko urr. 14a, 14:11

Azpeitiko EH Bilduk dei egiten die herritarrei gaur, astelehena, 19:00etarako deitutako Erreferenduma ez da delitua! elkarretaratzean parte hartzera. Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamairu urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie 2017ko erreferendumagatik epaitutako bederatzi buruzagi independentistari, eta erabaki hori salatzea beharrezkoa ikusten dugu, guztion eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa delako.

EH Bilduk garbi adierazi nahi du erabakitzeko eskubidea ez dela delitua, eta Espainiako Estatuak, beste behin, errepresioaren eta autoritarismoaren bidez erantzun diola Kataluniako auziari. Kataluniako herriari erabakitzeko aukera eman zitzaion 2017ko urrian, herritarrak lehen lerroan jarri ziren, eta Espainiako Estatuak bere botere judiziala erabili du bere interes politikoak defenditzeko. Onartezina da.

Auzitegi Gorenaren epaia erabat gaitzesten dugu, eta babes osoa adierazi nahi diegu Kataluniako herriari eta kondenatutako pertsonei zein haien senitartekoei. Bestalde, nabarmendu nahi dugu oraingoan ere argi gelditu dela Espainiako Estatuak ez duela gaitasunik arazoak modu demokratiko batean konpontzeko. Horrek euskal herritarroi ere eragiten digu, hein berean. Horregatik adierazi nahi dugu konpromiso osoa dugula lanean jarraitzeko, Euskal Herriak bere etorkizuna modu libre eta demokratiko batean erabakitzeko aukera izan dezan.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu