Azpeitiaren isla da gure proiektua: zabala, sentsibilitate desberdinak batzen dituena eta ilusioz betea

Erabiltzailearen aurpegia da hau EHBilduAzpeitia | Politika
2019ko mai. 27a, 14:55

Mila esker azpeitiarroi, eman diguzuen babesagatik. Oso hunkituta eta ilusio handiz gaude erronka honi heldu eta lanean jarraitzeko. Zuen botoek berresten dute egiten ari garen bidea. Azpeitiarrek ontzat jo dute azken zortzi urteetan Bilduk eta EH Bilduk herrian eginiko lana; eta hori da norabide berean jarraitzeko mandaturik onena. Eskerrik asko, Eneko Etxeberriari eta haren taldeei, bideorri bat jarri dutelako, eta lan ikaragarria egin dutelako Azpeitiaren alde. Aurrerantzean ere zuekin kontatzen dugu. Azpeitiarrei esker kontsolidatu dugun bide honetan sakontzeko konpromisoa hartzen dugu, eta seguru gaude jauzi kualitatibo bat eman dezakegula gure herria hobetzeko bidean.

Herrigintzan ari diren guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, Azpeitia hobe baten alde egiten duten lanagatik. Eskua luzatzen diegu, herri honi elkarrekin begiratzeko eta elkarlanean jarraitzeko.

Proiektu irekia eta zabala

Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu honetan sinistu eta lagundu duten pertsona guztiei. Herritar anitzek osatzen dugu EH Bildu, eta hori garbi ikusi da azken hilabeteetan egin dugun lan guztian. Ehundaka herritar ibili dira herri programa osatzeko lanetan, komunikazio euskarriak egiten eta banatzen, ekitaldiak prestatzen, batzarrak osatzen, ekarpenak egiten... oso aste emankorrak izan dira. Eta, nola ez, udalean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu duten hautetsiei eta zerrendako kide izateko aurrerapausoa eman dutenei ere, mila esker. Uste dugu Azpeitiaren isla dela gure proiektua: zabala, sentsibilitate desberdinak batzen dituena eta ilusioz betea.

Programan hartutako konpromisoei helduko diegu, eta azpeitiarrak erdigunean jarrita gobernatuko dugu, gehien behar dituztenak babestuz. Herri justu bat dugu helburu, eta horretarako, azpeitiar guztiak izango ditugu kontuan. Parte-hartzea eta berdintasun balioak izango dira gure proiektuen oinarri. Zuen konfiantzari esker, lanean jarraituko dugu umiltasunez, zintzotasunez eta indar handiarekin. Lehen minututik azpeitiarren zerbitzura gaude.

Zurekin jarraituko dugu aurrera, zurekin Azpeitia gara.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu