Udal eta foru hauteskundeak 2019

Udal hauteskundeetako hautes-zerrenda onartzeko batzarra egingo du EH Bilduk bihar

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2019ko api. 3a, 13:52

EH Bilduk Nagore Alkorta alkategaiari lagunduko dion taldea onetsiko du biharko bilkuran, eta hitzordura bertaratzeko deia egin die herritarrei. Bestalde, herri programa osatzeko hainbat bilera egingo du koalizioak datorren astean. Besteak beste, euskara, ingurumena, hirigintza, etxebizitza, hezkuntza, parekidetasuna, kultura eta gizarte beharrak izango dituzte hizpide saioetan.

Bihar, apirilak 4, maiatzeko udal hauteskundeetako hautes-zerrenda onartzeko batzarra egingo du Azpeitiko EH Bilduk, 19:00etatik 20:00etara, Sindikatu Zaharrean. Hain zuzen ere, Nagore Alkorta alkategaiari lagunduko dion taldea onetsiko da bertan, EH Bilduko oinarrien parte-hartzearen bitartez. Koalizioak azaldu duenez, hitzordu "garrantzitsua" da biharkoa, eta herritarrei bilkuran parte hartzeko deia egin die. Horrez gain, apirilaren 28ko Espainiako Kongresurako eta senaturako hauteskundeen kokapena ere egingo dute biharko bilkuran. "Ilusioz betetako asteak ditugu aurretik, eta denon artean helduko diogu horri", azaldu du EH Bilduk.

Arlokako bilerak

Zugandik hasita, herria egiten galdetegiekin eman zion hasiera urtarrilean herri programa osatzeko erronkari. "Datuak bildu, Udalaren lanaren balantzea egin, erronkak marraztu eta herritarrekin partekatu" ditu EH Bilduk, otsailaren 16an egindako batzar irekian eta etxez etxe banatu duen aldizkarian –honako lotura honetan irakur daitezke EH Bilduk egindako galdetegiaren emaitzak–. Horrez gain, herriko eragileekin bilerak egiten ari dela ere jakinarazi du. Bestalde, arloz arlokako bilerak egingo ditu koalizioak, datorren astean. Bilera horietan parte hartzeko gonbidapena egin die EH Bilduk herritarrei, horien ekarpenak "behar-beharrezkoak" direlako "programa borobiltzeko eta Azpeitiari begira jartzeko". Bilera guztiak Sindikatu Zaharrean izango dira, 18:00etan hasita. Egun berean bi bilera dauden kasuetan, gela bakoitzean bilera bat egingo da, dagokien arduradunekin.

Honako hauek dira gaiak eta datak:

Apirilak 8, astelehena. Euskara eta ingurumena.

Apirilak 9, asteartea. Hirigintza-etxebizitza eta hezkuntza.

Apirilak 10, asteazkena. Parekidetasuna eta kultura.

Apirilak 11, osteguna. Gizarte beharrak.