Iñakik eta Ainhoak bezala, politika zintzoa egiten jarraituko du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2018ko urr. 10a, 23:17

Gure herrian ezohikoa bada ere, berri onak datozkigu Madrildik. Izan ere, Espainiako Kontu Auzitegiak arrazoia eman die Iñaki Errazkini eta Ainhoa Intxaurrandietari; eta, ondorioz, haien aurkako salaketa ezerezean gelditu da.

GHK-k eraman zituen epaiketara Errazkin eta Intxaurrandieta, EAJren eta PSE-EEren botoekin, Bilduko ordezkariek pasa den agintaldian Zubietako errauste planta gelditzeko bidea hartu zutelako. Epaiketaren lehen unetik esandakoa berresten dugu guk: Gipuzkoan politika egiteko modu berria epaitu nahi izan dute EAJk eta PSE-EEk. Errazkinek eta Intxaurrandietak, beraien programan agindu bezala, gipuzkoarron mesedetan oinarritutako erabakiak hartu zituzten, interes pribatu eta ekonomikoen gainetik. Erraustegia gelditzea agindu zuen EH Bilduk, eta herritarrek babestu zuten proposamen hori, beraien botoekin. Errazkinek eta Intxaurrandietak egin dutena herritarren mandatua betetzea izan da. Ingurumena babesu nahi izan zuten, egungo kontsumo eroaren aurrean, eta herritarrek horretarako bidea eman zieten. Hori leporatu diete EAJk eta PSE-EEk epaiketa honetara eramanda.

Pozez hartu dugu berria, baina nabarmendu nahi dugu Errazkini eta Intxaurrandietari eginiko kaltea eta sufrimendua ez diela inork kenduko. Politika duina egiteagatik epaituak izan dira, eta auzitegiak arrazoia eman dien arren, kezkak, beldurrak, bidaiak... jan behar izan dituzte, beraiek zein beren familiek eta gertukoek.

Eskerrik asko, Iñaki eta Ainhoa, salgai ez gaudela erakutsi duzuelako. Eskerrik asko, politikari zintzoak ezin direla erosi erakusteagatik. Eskerrik asko eta zorionak.