Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna

Azpeitiko EH Bilduk bat egin du emakumeen grebarekin

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2018ko mar. 7a, 12:32

Azpeitiko EH Bilduk bat egiten du martxoaren 8ko greba feministarekin, eta herriko emakume guztiak gonbidatu nahi ditu biharko egunez lanuztea egitera eta kalera irtetera. Emakumeek sustengatzen dute gure herria, gizartea eta errealitatea; eta biharko grebak begiak irekitzen lagunduko digu.

Emakume izate soilagatik onarpenik eta soldatarik gabeko hamaika lan ikusezin egiten dituzte andreek. Etxeko lanak eta zaintza lanak, esaterako, emakumeen gain utzi ohi dira. Horrez gain, gainera, ordaindutako lana egiterakoan, soldata baxuagoa jasotzera kondenatuta daude. Izan ere, gizonen zein emakumeen "lan ereduak" ez daude berdin baloratuta, dirutan ikusten da hori. Pasa den otsailean argitaratu du Emakundek gizon eta emakumeen soldaten inguruko informazioa; eta, batez beste, emakumeek gizonek baino 7.551 euro gutxiago irabazten dute, urtean. Horrez gain, txostenaren arabera, emakumeak behartuta daude etxeko bizitza eta lanekoa erabat uztartzera; eta, horregatik, kontratu partzialak dituzten langileen %80 emakumeak dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Gaur egun, oraindik, emakume askoren gain dago etxeko martxa, txikienen eta helduenen zaintza eta hori guztia bizitza pertsonalarekin eta laboralarekin josteko erronka. Biharko greba urrats bat da emakumeen lana aitortzeko eta guztiok ikusteko andreen eguneroko jardunik gabe, ez gizon ez emakume, ezin garela bizi gaur bizi garen bezala. Ez alferrik, "mundua geldituko dugu, mundua mugitzeko" leloa du grebak.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun egoerarantz pausoak emateko, erabat zilegi zein beharrezko iruditzen zaigu martxoaren 8ko greba. Gizartea aldatzen ari dela usaintzen dugun arren, oraindik asko dira gizonaren menpe bizi diren emazteak, lan baldintza duinetan jardun ezin duten emakumeak, haurdun gelditzeagatik enpresatatik kaleratzen dituztenak, lanordu luzeak eta soldata baxuak onartu behar dituztenak, lorpen guztiak justifikatu behar dituztenak... Eta ez gara bizitza laboralaz soilik ari, emakumeek kalean, etxean, bizitza publikoan, afektibo-sexualean... hartzen duten lekua eta papera dira goitik behera birpentsatu behar direnak.

Hori dela-eta, emakumeei kalera irteteko deia egiten diegu; eta gizonei, berriz, emakumeek egin ohi dituzten lanei heltzeko eskatzen diegu. Ez soilik bihar, martxoaren 8an, baita hurrengo egun eta hilabeteetan ere.

Horrez gain, EH Bilduk bat egiten du herriko eragile feministek datozen egunetarako prestatu duen egitarauarekin:

Martxoak 8, osteguna.

12:00etan, mosaikoa eta luntxa, plazan.

17:00etan, transexualitateaz hitzaldia, Emakumeen Txokoan.

18:30ean, elkarretaratzea, plazan.

19:00etan, Donostiako mobilizaziora joateko autobusa. 

Martxoak 9, ostirala.

18:00etan, Gizonak eta feminismoa hitzaldia, Gaztetxean.

20:30ean, jantoki begetarianoa, Gaztetxean. 

Ondoren, Olor taldearen kontzertua.