Biolentzia matxistarik gabeko herri eta lurraldeak eraiki behar ditugu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2015ko aza. 24a, 13:37
Biolentzia matxistarik gabeko herri eta lurralde libreak eraiki behar ditugu, gizarte parekidea oinarri duena.\ \ Euskal Herrian ere biolentzia matxistak behera egin beharrean, 2015. urte honetan ere, nabarmen egin du gora. Ugariak ari dira izaten bai eraso sexistak baita erailketak ere. \ \ Biolentzia matxistaren azken estadioek, bortxaketa, jipoitzeak eta erailketek gora egin duten moduan, zeharkako beste biolentzia matxistek, eguneroko mikrobiolentziek ere, gora egin dute, eta herritarren artean barneratu eta normalizatzeko arriskua ere agertu da.\ \ Horrela, 2015 urtean asko izan dira berriro bortxaketa saiakerak, nesken eta emakumeen bizitzaren gaineko kontrolak (kontrol ekonomikoak, fisikoak, sexualak, afektiboak, sozialak, kulturalak), emakume ugarik jasan behar izan dute eguneroko jazarpenik (irainak, bazterkeriak, gutxiesteak) eta bestelako erasoak (prekarizazio laborala, enplegurik eza, zaintza lanen karga isila). Eguneroko mikrobiolentzia barneratuak eta normalizatuak daude jendarte eredu patriarkalaren baitan.\ \ Azpeitiko datu latzak ere hor ditugu. \ \ Premiazkoa da indarkeria sexistarekin harremana duten kasuak eta salaketak egunerokotasun normalizatutik desagerraraztea. Jai- zein jolas-esparruetan gure askatasuna baldintzatzen duten jazarpen eta gehiegikeria sexistek hor jarraitzen dute. Halaber, kezkagarriak dira lan-esparruan jazarpen sexistari buruz dauden datuak. Sexu ezberdineko pertsonen arteko botere harremanak eta gazte belaunaldien artean agertzen diren balore patriarkalak gero eta gehiago dira, eta, aldi berean, gazte askok beraien kideen aurka indarkeria erabiliz haien arteko harreman desorekatuak eraikitzen dituzte. \ \ Jendarte eredua ezinbestean aldatu behar dugu biolentziarekin amaitu ahal izateko. Biolentzia horiek guztiak, makroak zein mikroak, desagerrarazteko modu bakarra, berau sostengatu, zuritu edo babestu dezakeen jardun oro alboratuz lortuko da.\ \ Eta zeregin hau, ezinbestean hartu beharreko konpromiso hau, jendartea osatzen dugun eragile guztiok hartu behar dugu, bestela biolentzia matxista sostengatzen jarraituko dugu. Guztion ardura baita norberaren eragin esparrutik aurre egitea sor edo babes dezakeen biolentzia matxista ororekin amaitzea: erakunde publikoak, hezkuntza eragileak, komunikabideak, lan esparruko eragileak, kultura eragileak, ekonomia eragileak. Baina norbanakoek, familiek, lagunarteek, kolektiboek eta arduradun publikoek ere erantzukizun zuzena dute.\ \ Hori dela eta, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, Euskal Herria feminista eta ekitatibo baten aldeko gure aldarrikapenak inoiz baino ozenago entzun behar dira, hori eraiki ezean ezinezkoa izango baitzaigu egiazko demokrazia erdiestea.\ \ Hori horrela, egun hauetarako hitzorduak sostengatu eta horietan parte hartzeko deia egin nahi dugu. Bildu gaitezen feminismora!