Asko. Beste bat. Bat gehiago. Beste bi

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2014ko abe. 30a, 12:31
Asko. Beste bat. Bat gehiago. Beste bi. Amaitzear den urte honetan, Euskal Herrian ere ehundaka. Gehiegi. Herenegun, atzo, gaur. Egunero. Biharkoa ekidin dezagun, bederen. Ezinbestean ekidin behar dugu.\ \ Bai, egunero indarkeria eta eraso sexisten berri izatera ohitzen ari gara. Nabarmena denez, zoritxarrez, ez dira gertaera isolatuak bizi garen sistema heteropatriarkal honetan. Gure ordena sozialaren adierazpiderik larrienak dira. Erailketak, jipoiak eta eraso sexualak adierazpiderik larrienak eta agerikoenak izan arren, intentsitate txikiagoko erasoak ere eguneroko ogia ditugu. Egunerokoak! \ \ Indarkeri matxista lehen mailako arazoa da, onartu ezina, ezinbestean aktiboki erantzutea eskatzen duena. Indarkeria matxista emakumeon eguneroko ogia da, gehienetan ezkutuan geratzen dena. Baina geratu beharko ez lukeena. Feminismoak erakutsi zigun pertsonala politikoa dela eta horrenbestez ez dela esparru pribatuari dagokion arazoa. Arazo kolektiboa da eta guztion ardura da indarkeria matxistari aurre egitea.\ \ Indarkeria matxistari aurre egitea guztioi dagokigu. Eremu desberdinetan. Instituzioetan, hezkuntzan, osasunean eta justizian, hedabideetan, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako kultura hedatu behar dugu, indarkeria ekidin eta biktimak babestu eta zaintzeko protokolo egokiak jartzeko bidea egin beharra dugu bizi dugun egoerari aurre egiteko.\ \ Balio justuagoetan oinarritutako gizartea eraiki beharra dago. Emakumeen protagonismoa eta boteretzea lortu behar da. Parekidetasun errealean oinarritutako gizartea ezinbestekoa da.\ \ Azken egunotan Azpeitian gertatu den eraso baten berri penagarria jaso dugu. Pasa den urte honetan, denok dakigun gisan, ez da herrian gertatu den lehena. Honen aurrean, EH Bilduk gure babes osoa eskaini nahi diogu bai erasotua izan den emakumeari, bai bere ingurukoei ere. Eta nola ez, Azpeitiko Bilgune Feministak egindako deiarekin bat eginez, herritarrei dei egin nahi diegu, bihar, abenduak 31, 13:30ean plazara irten eta indarkeria matxistaren aurkako aldarria ozen egitera.