Elkarlanetik bide berriak eraikiz

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2013ko aza. 7a, 13:35
2007az geroztik, gogor kolpatu du Azpeitia ekonomia krisiak. Azpeitiko EH Bildurentzat gaur egun bizi dugun krisia eta gure herrian jasaten ari garen ondorioei aurre egitea da erronka garrantzitsuena. Aurrean dugun errealitatea urte luzeetako arazoek sortu dute. Eta bizi dugun errealitate gordina ez da egun batetik bestera konponduko; urte luzetan ernaltzen joan diren desorekek, langileen kaleratzeak, gazte zein emakumeen egoera, langabezia, herritik alde egin beharra, murrizketak eta abar ondorioztatu dituzte. Kezkaz bizi ditugu arazo horiei aurre egiteko planteatzen zaizkigun irtenbide deituriko murrizketak eta oinarrizko eskubideen urraketak. Herritarren eskubide ekonomiko eta sozialak oinarrizko giza eskubideak dira, eta ezin dugu Madril, Gasteiz edo Iruñeatik planteatzen zaizkigun urraketen aurrean beste aldera begiratu. \ \ Horregatik, lehenik, krisiaren eraginak sufritzen ari direnei elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Azken urte, hilabete eta egunetan egoera zailetan dauden herritarren zerrenda handitzen doa. \ \ Baina ez gaitezen alderdi txarrarekin soilik geratu. Azpeitiko herritarrek etxean ez gelditzea erabaki dute. Beste aldera ez begiratzea. Azpeitian bide berriak eraikitzeko haizea dabil. Herritarrek bide aurrerakoiak aukeratu dituzte. Orain gutxi, Azoka Herritik ekimena, eta larunbat honetan, 'Azpeitian bizi eta lan. Duintasuna herritarrontzat' lelopean manifestazioa deitu da.\ \ Bide berri horiekin bat gatoz; Azpeitian hazi, jolastu, lan egin, gozatu, bizi nahi dugulako. Burujabetza behar dugu, gure beharrei erantzuteko eta herritarren duintasuna bermatzeko gai ez den eredu zaharkitu hau eraldatzeko, denon artean justuago den beste gizarte eredu bat eraikitzeko.\ \ Larunbat honetan ere beste urrats bat egingo da, herri gisa antolatuz eta erantzunez, okerren pasatzen ari direnen ondoan egonez, elkartasuna indartuz. Beraz, dei egiten diegu azpeitiarrei larunbateko manifestazioarekin bat egin eta kalera irteteko. Denok batera, elkarlanaren bidez, herri gisa aurrera egin eta bide berriak eraikitzeko.