Ekainak 28: ez obeditu! Heteroaraua plazerez lehertu!

Erabiltzailearen aurpegia da hau Bilgune Feminista | Gizartea
2015ko eka. 27a, 11:44

Gaur egun harremanei dagokienez, norma, familia eredu patriarkala eta maitasun erromantikoaren ideia da, arauak askotan bertan ezkutatuta geratuko dira naturalak direnaren aitzakiarekin. Heteroarauan oinarritutako sistema patriarkaletik eratorriko den eredu sexualaren ezaugarriak hauek dira: sexu bipolarren gainean eraikia, heterosexuala, genitala eta maskulinitatearen plazerera bideratutakoa.

Gero eta gehiago gara ez obeditu eta heteroaraua plazerez lehertzeko hautua egiten dugunak: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak, sexu langile transexualak, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten dugunak, lagun taldeak e.a. guztiok, patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jartzen dugun desobedienteak.

Ez obedientziaren aurrean, erasoak leku desberdinetatik igortzen zaizkigu: azken aldian Euskal Herrian gertaturiko kaleko eraso homofobo ugari salatu nahiko genituzke eta baita Espainiako Gobernu ultra eskuindarrak krisiaren aitzakiapean edo egindako erreforma eta bultzatutako neurriak ere. Artean, Familia Plana, zeinetan, gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu dituen; osasungintzan transen sexu operazioetan emaniko murrizketak, lesbianei zuzendutako lagunduriko ugalketa teknologien zerbitzu publikoetan izandako murrizketak, hezkuntzan LOMCE legearen bitartez ematen ari den ideologizazio eskuindarra, balore diskriminatzaile eta erreakzionarioen sustapena, abortuaren lege organikoan eginiko aldaketa (16-17 urte bitarteko emakumeen gurasoen baimena behar izatea)... Guzti horrek, familia patriarkal nuklearraren indartzea, eta sexualitatea plazeraren kudeaketa gisa ulertu beharrean, erreprodukziorako bitarteko gisa denaren ulermenean sakontzea ditu ondorio, besteak beste.

Hortaz, sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera erabatekoa izan dadin segi behar dugu. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau hauste, bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoak ditugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra geroz eta ageriagoa da. Zentzu honetan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu