Beldurrak gurekin jai

Erabiltzailearen aurpegia da hau Bilgune Feminista | Gizartea
2013ko aza. 22a, 10:37

Aurrez aurre dugun indarkeria sexistaren makineria aldrebesaren aurrean: patriarkatua, botere-harremanak, indarkeria sexista, maitasun erromantikoa, zergatik gara heterosexualak?...

BELDURRAK GUREKIN JAI! EKIN AUTODEFENTSA FEMINISTARI!

AUTO: ez dugulako sasi-salbatzailerik behar, gu geu gai garelako!

Instituzio zein komunikabideetatik emakumeok subjektu pasibo gisa aurkezten gaituzte, beti salbatzailearen, printze urdinaren zain dauden emakumeen modura. Gutxitan ikusi, ikasi eta gogoratzen ditugu euren burua defendatzen duten emakumeen erreferentziak, izenak, hitzak eta irudiak.

Gutako bakoitza berezia gara, bakarra eta garrantzitsua. Funtsezkoa da norbere burua ezagutzea: mugak non eta zergatik jartzen ditugun, zer dugun gustuko eta zer ez, noraino iritsi nahi dugun, gure gorputza ezagutzea hankako behatzetatik kopetaraino, zein baliabide ditugun, zein tresna etab. Nor garen eta zer nahi dugun, geurea da aukera!

Hortaz, 'Auto' horrek, norbanakoari ez ezik, emakume guztiok osatzen dugun kolektiboari ere egiten dio erreferentzia: geuri!

DEFENTSA: egunero jasaten ditugun eraso sexisten aurrean erantzun bat emateko!

Hau ez da defentsa pertsonala,  autoestimuaren lanketatik eta feminismotik abiatzen den jarduna da Autodefentsa Feminista. Hori da gure defentsaren motorra. Beraz, defentsa honek elkartasuna, konplizitatea eta segurtasuna barnebiltzen ditu. Zapalkuntza eta diskriminazioa jasaten dugunok, gure artean josten dugun sare pertsonal eta politikoa gure defentsarako berme nagusia da. Indarkeria egiturazkoa den bezala, emakume baten kontrako eraso batek ere sare honetan baitu eragina. Gainera, garrantzitsua da elkar zaindu, elkar ezagutu, elkar entzuteko tarteak hartzea eta topaleku izango den espazioa goxatzea, eroso sentitzea, erritmo ezberdinak errespetatzea.

Zergatik FEMINISTA: balio justuagoetan oinarritutako harremanak lantzen dituelako!

Feminista, bai! Emakumeok bizi ditugun zapalkuntzetatik abiatzen da erantzuna eta autogestioaren bitartez, emakumeontzako, defentsarako, gure buruak hobeto ezagutu eta indartzeko tresna bilakatzen da. Emakumeok sortua eta emakumeontzat!

Pertsonal-politiko dikotomia gainditzen du! Kontzientziak astindu, landu eta hausnartu dezagun elkarrekin!

Gure bizitzen jabe izan nahi dugulako

Txikitatik gauza asko sentitu, bizi eta ikasi izan ditugu sakonean hauek aztertzeko aukerarik gabe, Autodefentsa Feministan, autoestimaren zein emozioen lanketa gako garrantzitsuak dira.

Autoestimuaren kalenturak. Autoestima, gure buruaz egiten dugun balorazioa da, eta bizi-esperientzien gainean eraikitzen da. Berau eraikitzeko garaian faktore anitzek eragiten digute. Ez da borondatearen araberako kontu bat, nahiz eta ikuspegi neoliberal eta indibidualistak kontrakoa esan. Gure gaitasunak lantzea, aztertzea, onartzea beharrezkoa da, egungo sozializazio ereduak pertsona gisa, sortzeko, sentitzeko, bizitzeko…dugun gaitasuna mugatzen du eta gure gaitasunak galtzera garamatza. Beraz,  liburuxka honetan tartea izango dugu ariketa desberdinen bitartez gu garena, garen altxor preziatuan barreiatzeko. Aldapan gora eta behera!; subjektu politiko, puta, aske gisa; gure akats eta guzti gara ederrak; gure burua zainduz, bakarrak gara, baina beti bakarrik ez gaudela sentituz. Beraz, zaindu zaitez, zaindu gaitezen! Gure gorputza gure bizileku izanik, arnastu dezagun bizitza.

Eta busti gaitezen emozioen saltsan: eman bide zentzumenei, ez gara kikilduko, emakumeak ere haserretzen baikara. Amorrua askatuz, bat, bi, hiru kanpora!

Hamaika eraso, hamabi erantzun!

Eraso batetik fisikoki defendatzen garenean indar fisikoa ez da garrantzitsuena, gure buruarengan dugun konfiantza eta ondo erabilitako teknikak baizik! Gure gorputzak beren kabuz mintzatzen dira. Ezetz sentitzen badugu, EZETZ DA! Sentitzen dugun horri bide eman behar diogu. Antolatu amorrua! Hedatu deiadar feminista. Kontzientziatu, saretu, eragin!

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu