Azpeitiko emakumeon topaketak egingo dira urriaren 18an eta 19an

Erabiltzailearen aurpegia Bilgune Feminista 2013ko uzt. 23a, 12:07

Bor-borka ari da, sutan jarri dugu eltzea eta zerbait ari da egosten bertan, bai! Azpeitiko Emakumeon Topaketak antolatzeari ekin diogu! Hau zen kaleetan zehar ikusi dituzuen kartelek esan nahi zutena. Azpeitiko armarriko eltzea hartu dugu iruditzat, eta herriko emakumeok bere inguruan biltzea da gure asmoa, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko urriaren 18tik 19ra bitartean.

Azpeitiko emakume mugimenduak edota mugimendu feministak aspaldidanik dihardu lanean emakumeok, Azpeitian, Euskal Herrian, zein mundu zabalean izan behar ditugun eskubideak aldarrikatzeko. Eskubide batzuk lortu ditugu, baina beste batzuk eskuratzeko ditugu oraindik. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu herriko emakumeok eltze honen inguruan biltzea, elkar ezagutzeko, ditugun kezkak eta beharrak konpartitzeko, esperientziak elkartrukatzeko eta momentu atseginak igarotzeko. Hau guztia, festari eta aisialdiari loturik noski!

Topaketa hauetan iragana aztertzen hasiko gara lehenengo, egon diren emakume taldeek izan zituzten borroka eta lorpenen berri izateko. Egungo egoera zein den ikusiko dugu ondoren, zein egoeretan aurkitzen garen, zein proiektu ditugun martxan, eta zer nolako borrokak aurrera daramatzagun jakiteko. Eta etorkizunaz mintzatuko gara azkenik, hemendik aurrera lanean jarduteko bideak zein izan behar duen zehazteko.

Hauxe da gure nahia eta asmoa, herriko emakume ezberdina bor borka ari den eltze honen inguruan biltzea, egosi behar dugunari nahi ditugun osagaiak botatzeko, bertatik irten behar duenak zernolakoa izan behar duen geuk erabakitzeko, gurea izango den etorkizun horri guztion artean eragiteko!