Dendarteanek manifestazioa deitu du Ticket Bai ezarriko den moduaren aurrean desadostasuna adierazteko

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2022ko urr. 20a, 10:19

Manifestazioa igande honetan izango da, urriak 23, 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazako Foru Aldundiaren eraikinaren aurretik abiatuta, Ticket Bai, horrela ez lelopean. Azpeitiko hainbat merkatarik parte hartuko dute mobilizazioan. 

Gipuzkoako saltoki txikiak haserre daude Foru Aldundiak Ticket Bai fakturazio sistema berria ezarriko duen moduagatik. Azken orduko aldaketarik ezean, sistema berriak milaka negozio txikiren fakturazioa egiteko era aldatuko du azaroaren 1etik aurrera.

Dendarteanek –Gipuzkoako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak– 2.637 saltoki ordezkatzen ditu, eta hilabeteak daramatza Foru Aldundiko Ogasun Sailarekin harremanetan, sektorearen iritzia helarazten eta Ticket Bai gauzatu nahi den forman aldaketak egiteko eskatzen. Haserrea partekatzen duten saltokietako erakusleihoetan kartelen bidezko komunikazio kanpaina abiatu du talde horrek, eta ehundaka merkatariren babesarekin prentsa agerraldia ere egin du. Orain, berriz, manifestazioa deitu du Dendarteanek.

Igande honetan izango da manifestazioa –urriak 23–, 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazako Foru Aldundiaren eraikinaren aurretik abiatuta. Bertaratzen direnek inguruko hainbat kale zeharkatuko dituzte, eta ondoren, berriro ere hasierako puntura itzuliko dira. Ticket Bai, horrela ez leloa duen pankartaren atzean mobilizatuko dira. Testu horren bidez, merkataritza sektorea Ticket Bai ezarriko den moduarekin ados ez dagoela erakutsi nahi dute; izan ere, Ticket Bairen prozesuak eta epeek negozio txikiei kalte handia egingo dietela aurreikusten dute.

Gipuzkoako Foru Aldundia Ticket Bai ezartzen ari den moduarekin ados ez dauden merkatari, ostalari, zerbitzu enpresa eta profesional autonomo guztiei zuzentzen zaie deialdia. Azpeitiko hainbat merkatarik ere parte hartuko dute manifestazioan.