Udalak eta Bertanek positiboki baloratu dute Stock Azoka, eta merkatarientzat bultzada polita izan da

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2022ko ira. 22a, 17:20
Irudian, Nerea eskulanak dendako ordezkariak, Rosarito eta Arantxa eta Udal ordezkari Agustin Lizarralde.

Azken urteetako segurtasun neurriak alde batera utzita, Azpeitiko Udalak eta Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak joan zen asteburuan Stock Azoka egin zuten. Behin azoka igarota, balorazio positiboa egin dute udalak eta Bertanek, eta ekimenak herriko dendariei eginiko ekarpena azpimarratu dute.

Joan zen ostiralean eta larunbatean Azpeitiko merkatarien Stock Azokaren edizio berri bat egin zen herrian. 43 dendak parte hartu zuten egitasmoan, eta denboraldiz kanpoko produktuak prezio berezietan eskaini zituzten. 
 
Azpeitiko Udalak eta Bertanek egin dute balorazioa, eta oso positibotzat jo dute parte hartu duten saltokien kopurua. 12 saltoki izan ziren Azoka Plaza barruan postua ezarri zutenak, eta 31 haien denda aurrean jarri zutenak. Horrenbestez, 43 saltoki, denera. 

Salerosketei dagokienez, oro har, balorazio ona egin dute dendariek. Ohikoa den moduan, ostiral arratsaldea eta larunbat goiza izan ziren, bereziki, erosketa momentu garrantzitsuenak. Edonola ere, jendearen joan-etorria etengabea izan zen azokak iraun zuen bitartean, eta eguraldia lagun, jende asko hurbildu zela esan daiteke.

Salmenta postuez haratago, egitarau aldetik, aurten berriro ere egunean zehar ekintza desberdinak izan ziren: puzgarriak, musika eskolaren emanaldia, magia iksukizuna...  Bestalde, pizgarri moduan, 100 euroko sei erosketa bonoren zozketa egin zen azokara gerturatu ziren bezeroen artean. Hiru sari etxez-etxe banatutako esku-orria bete eta saltokiren batera eraman zutenen artean banatu ziren, eta beste hiru azokara hurbildu eta erosketak burutu zituzten bezeroen artean.  Dagoeneko jakinarazi dira zein izan diren sei saridunak:  Idoia Letamendia, Maria Jose Zabarte, Irune Alberdi, Mila Perez, Luis Eizagirre eta Khalind.  Zorionak guztiei!

Guztiaren gainetik, aipatzekoa eta eskertzekoa da herritarren parte-hartzea eta gertutasuna, haien esku baitago tokiko merkataritza bizirik mantentzea.  Horregatik, Bertan merkatari elkarteak eta udalak eskerrak eman nahi dizkie Stock Azokara hurbildu ziren guztiei.