Ikusgai dira herriko gazteek apaindutako udaberriko erakusleihoak

Erabiltzailearen aurpegia
Ikasleek apaindu duten erakusleihoetako bat. (Bertan)

Azpeitiko 37 erakusleiho herriko gazteek apaindu dituzte, dendarien eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez.

Bertan Azpeitiko merkatarien elkarteak, herriko hiru ikastetxerekin elkarlanean, herriko gaztetxoei zuzenduriko proiektu berri bat jarri du martxan. Egitasmoak etorkizuneko kontsumitzaileak tokiko kontsumoaren inguruan sentsibilizatzea du helburu nagusitzat eta, horretarako, ikasleen eta herriko dendarien arteko harremana bultzatu da.

Adin ezberdinetako ikasleek hartu dute parte; Iraurgi Ikastetxean DBH3 mailakoek, Urola Ikastolan DBH4koek eta Ikasberri Ikastolan Batxilergoko 1. mailakoek. Guztira 147 ikasle, taldeetan banatuta, herriko 37 saltokitako erakusleihoak apaintzeaz arduratu dira, udaberria gaitzat hartuta.

Prozesua urtarrilean hasi zen. Orduan, Bertan elkarteko ordezkariek ikastetxeak bisitatu zituzten eta egin beharreko lanen berri eman zieten ikasleei. Horiek, bakoitzari egokitutako saltokiarekin harremanetan jarri eta apaindu beharreko erakusleihoaren ezaugarriak ezagutu ostean, lehendabiziko zirriborro bat prestatu zuten. Dendariaren adostasunarekin, dekorazio elementuak garatu dituzte ikastetxeko ikastorduetan, eta joan den astean erakusleihoetan kokatu zituzten. Guzti hau materialen berrerabilera sustatuz, arlo ekonomikoa zainduz eta ikasleen ekimena zein irudimena sustatuz garatu da.

Orain, maiatzean zehar, erakusleihoak ikusgai izango dira. Etxez etxe buzoietan utzi dira apaindutako saltokiak zein diren erakusten duen esku-orria.

Bertanek Azpeitiko kaleak zapaldu eta gaztetxoen artelanak ikustera animatzen ditu herritar guztiak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide