Bultzadatxo polita suposatu du Stock Azokak herriko merkatarientzat

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2021ko ira. 14a, 17:34
Bertaneko teknikaria, Lore Gartziiarena; udal ordezkaria, Agustin Lizarralde; eta Nerea Eskulanak dendako ordezkariak, Marian eta Rosarito Ibaieta.

Azpeitiko Udalak eta Bertanek, Azpeitiko merkatarien elkarteak, joan den asteburuko Stock Azokaren balorazioa egin dute, ekimenak herriko dendariei eginiko ekarpena azpimarratuz. Bestalde, Stock Azokan zozkatutako hiru erosketa bonuek badituzte jabeak.

Azpeitiko dendarien Stock Azokaren edizio berri bat egin zen joan den ostiralean eta larunbatean. 43 establezimenduk, batzuk euren denda aurrean eta beste batzuk Azoka Plazan, denboraldiz kanpoko produktuak prezio berezietan eskaini zituzten.

Ekimen horrek merkatarientzako oso gogorra izan den udaberri-udako denboraldi bati eman dio amaiera. Izan ere, pandemiaren eraginez kontsumoak beherakada izan du sektore askotan. Moda sektorean, esaterako, COVID-19aren eragina nabarmena izan da; elkarteko hainbat dendarik adierazi duten moduan “festarik edo lagun-arterik ez bada, erosteko motibazioa ere txikiagoa baita”. Testuinguru horretan, Stockak bultzadatxoa eman die merkatariei, horrelako ekintzen garrantzia azaleratuz.

Azpeitiko Udalak eta Bertanek egin duten balorazioan, oso positibotzat jo dute parte hartu duten saltokien kopurua. Hamabi saltoki izan ziren Azoka Plaza barruan postua ezarri zutenak, eta 31 Stocka euren denda aurrean jarri zutenak, 43 denera.

Babes neurriek, etazehazki Azoka Plazan aforoa kontrolatzeak, bertatik igaro ziren bezeroen kontaketa ahalbideratu du. Horrela, aipatzekoa da 2.500 lagun baino gehiago sartu zirela Azoka Plazako postuak ikustera, ekimenak duen erakarpenaren lekuko.

Zozketan saritutakoak

Aurtengoan ere, segurtasun neurriak tarteko, animazio ekintza gehienak bertan behera utzi behar izan ditu antolakuntzak. Dena den, pizgarri moduan, hiru erosketa bonuren zozketa gauzatu zen Stockera gerturatu ziren bezeroen artean. Gaur ezagutu dira hiru saridunak: Consuelo Larrañaga, Rosa Argaia eta Mª Angeles Izeta.

Salerosketei dagokienez, balorazio ona egin dute, oro har, dendariek. Ohikoa den moduan, ostiral arratsaldea eta larunbat goiza izan ziren, bereziki, erosketa momentu garrantzitsuenak.

Guztiaren gainetik, aipatzekoa eta eskertzekoa da herritarren gertutasuna. Saltoki txikientzako gogorrak diren une hauetan, herritarren esku dago tokiko merkataritza bizirik mantentzea. Horregatik, Bertan merkatari elkarteak eta udalak eskerrak eman nahi dizkiete Stock Azokara hurbildu ziren guztiei.