Agortu dira Bertanen erosketa bonuak

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2020ko aza. 18a, 08:35

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak martxan jarritako ekimena oso arrakastatsua izan da, eta egun gutxitan saldu dira bonu guztiak. Orotara, 1.000 erosketa bonu saldu dituzte hiru egunetan.

Bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiak bultzatzea eta herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria ematea helburutzat hartuta, Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak Azpeitia Zaindu erosketa bonuak jarri zituzten salgai astelehenean. Ekimena "oso arrakastatsua" izan da, egun gutxitan saldu baitituzte erosketa txartel guztiak.
 
2.000 bonu kaleratu zituzten, eta horietatik mila online erosteko aukera eskaini zuten; Internet bidezko bonu guztiak astelehen eguerdirako agortu ziren. Bertanen bulegoan salgai zeuden beste mila bonuak, berriz, gaur goizean agortu dira.
 
Erosketa txartel bakoitza 35 euro ordainduta eskuratu dute herritarrek, eta horiek 50 euroko balioa izangodute kanpainara atxikitako establezimenduetan. Horrenbestez, 100.000 euroko erosketa-bolumena sortuko dute bonuek herriko saltokietan.
 
Bonuak online erosi dituzten bezeroek hurrengo asteetan jasoko dituzte txartelak beren etxean. Ondoren, urtarrilaren 6ra arteko epea izango da bonoak establezimenduetan erabiltzeko.
 
Herriko merkatarien izenean, Bertanek eskerrak eman nahi dizkie bonuak erosi dituzten herritar guztiei.