Sustapen ekonomikorako bonuak, merkataritza babesteko

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2020ko aza. 12a, 12:02
Azpeitiko Udaleko eta Bertaneko ordezkariak, bonuen aurkezpenean. (Bertan)

Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak herriko merkataritza eta ekonomiaren sustapenerako bonuak aterako dituzte berriro. Merkataritza babesteko eta herrian bertan inbertitzeko hautua egiteko eskatzen diete herritarrei.

Sustapen ekonomikoaren bidez, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiak bultzatzea eta herritarrei erosketak egiteko laguntza edo pizgarria ematea. Bi helburu horiek bultzatu dituzte Azpeitiko Udala eta Bertan merkatarien elkartea Azpeitia Zaindu bonuak berriro ere ateratzera. Maiatzean egin zen antzera, 50 euroko balioa izango duten 2.000 bonu aterako dituzte, eta 35 eurotan eskuratu ahal izango da horietako bakoitza.

Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak batu daitezke kanpainara, ez bakarrik Bertaneko kide direnak, nahiz eta kudeaketa merkatarien elkarteak gidatuko duen. Ostalaritzari dagokionez, ohiko jarduerak gauzatzeko ezintasunak bonuen erabilera baldintzatuko duen arren, eramateko egiten diren kontsumoak ordaintzeko erabili ahal izango dira. Gainera, nola ez, ohiko ostalaritza jarduerarako aukera berreskuratzean ere bonuekin ordaindu ahal izango da egitasmora atxikitako taberna eta jatetxeetan. Osasun alarma egoerak eragindako kalteak arintzeko bide izan nahi dute bonuek. Izan ere, azken hilabeteak zailak izaten ari dira merkataritzarentzat ere. Merkataritza sektoreari bultzada ekonomikoa emateko udalak 30.000 euro inbertituko ditu kanpaina honetan. Azaroaren 16ean hasiko dira bonuak saltzen, pertsona bakoitzak gehienez bi eskuratu ahal izango ditu, eta urtarrilaren 6ra arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten saltokietan.

Pandemia kalte ekonomiko nabarmenak eragiten ari da eta, horren aurrean, sustapen ekonomikorako tresna izan nahi du ekimen honek. Nagore Alkorta alkateak honakoa adierazi du: "Garai ekonomiko zailak bizi ditugu, eta udalak, merkatariak zein herritarrak elkarlanean pauso berri bat emango dugu". Bide horretan, herritarrei bertako merkataritzaren aldeko apustua egiteko eskatu die: "Orain inoiz baino gehiago dagokigu herriko merkataritza eta ostalaritza babestea. Herrian egin ditzagun erosketak. Erabaki dezagun guztiok gure kontsumo ohiturak berraztertzea eta herrian inbertitzea". Karmele Zabaleta Bertanen lehendakariak ere ildo beretik hitz egin du kanpainaren aurkezpenean: "Pandemiak agerian utzi du bertakotasunaren garrantzia. Gertuko denden beharra ikusi da eta aurrera begira etxe inguruan dendak izan ditzagun beharrezkoa da herrian erostea. Zentzu horretan, bonuek pizgarria suposatzen dute".

Kanpainaren xehetasunak

Azpeitiko merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak batu daitezke Azpeitia Zaindu kanpainara. Horretarako, Bertanekin jarri beharko dute harremanetan, eta eskaera orria bete azaroaren 13ko 17:00ak aurretik, 943-02 56 73 telefonora deituta, bertan.azpeitia@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo bulegora joanda (Enparan kalea 34, behea).

Kanpainara batzen diren saltokiek kanpainarako prestatu dituzten kartel eta eskuorri adierazgarriak jasoko dituzte, establezimenduetan ikusteko moduan izan ditzaten. 50 euroko balioa duten 2.000 bonu jaulkiko dira. Bonu bakoitza 35 eurotan erosi ahal izango da, eta ekimenari atxikitako Azpeitiko establezimenduetan kontsumitzeko 50 euroko balioa izango dute.

Bonu bakoitzak hamar euroko bost txartel izango ditu, eta txartel horiek banaka erabili ahal izango dira. Hamar euroko txartel bakoitza behin bakarrik erabili beharko da. Erosketaren zenbatekoa txartelaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko, eta bonuak ezingo dira diruagatik trukatu. 16 urtetik gorako herritarrek eskuratu ahal izango dituzte kanpainako bonuak, eta pertsonako bina bonu erosi ahal izango dira gehienez.

Bestalde, gehienez lau bonu (20 txartel) pilatu ahal izango dira erosketa berean. Bonuak ezin direnez eskudirutan trukatu eta bonuaren zenbatekoa ez denez inola ere itzuliko, produktua itzultzen bada establezimenduak erosketaren zenbateko osoaren bonu propio bat jaulki beharko du. Azaroaren 16an jarriko dituzte salgai, eta urtarrilaren 6ra arteko balioa izango dute.

Herritarrek aurrez aurre –Bertanen bulegoan, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara– zein online –www.dendago.com/azpeitiazaindu webgunean– erosi ahalko dituzte bonuak.