Koronabirusa Azpeitian

'Azpeitia zaindu' kanpainaren arrakastarekin gustura agertu dira Bertan eta udala

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2020ko eka. 2a, 16:02

Azpeitiko Udalak eta Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak antolaturiko Azpeitia zaindu kanpainak arrakasta handia izan du, eta ordu gutxitan agortu ziren saltzen jarritako 3.000 erosketa bonuak. 150.000 euroko eragin ekonomikoa izango du kanpainak herriko saltokietan.

Herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreetako kontsumoa aktibatzeko helburuarekin, kontsumitzaileei zuzenduriko erosketa bonu kanpaina gauzatu dute Azpeitiko Udalak eta Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak. Azpeitia zaindu lelopean, herriko saltokietan erabil daitezkeen erosketa bonuak atera dituzte. Bonu bakoitza 35 euroren truke eskuratu zitekeen, eta 50 euroko kontsumo balioa zuen kanpainara atxikitako saltokietan gastatzeko.

Joan zen astean, lehen 1.500 bonuak jarri ziren salgai, eta guztiak saldu ziren. Herritarren artean izandako harrera ona ikusirik, atzo, astelehena, beste 1.500 bonu jarri ziren salgai, eta horiek ere ordu gutxitan agortu ziren. Beraz, 3.000 bonu jarri dira zirkulazioan, eta 150.000 euroko kontsumoa sortu du horrek herriko saltokietan.

Azpeitiko Udalak zein Bertanek "oso modu positiboan" baloratu dute ekimenak jasotako erantzuna. Herritarrek bonuak erosterako orduan arduraz jokatu dutela nabarmendu dute, bai bonuak erosteko ilaretan, baita bonuak erosterakoan ere. Horren adierazle dira datuak; izan ere, ia 800 pertsonek eskuratu dituzte bonuak, eta oro har, herritar gehienek bi lagunentzako bonuak eskuratu dituzte.

Herritarren erantzun apartak antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Bertanen presidente Karmele Zabaletak adierazi du "oso pozgarria" dela herritarrek izan duten jarrera, eta horrek merkatariei "aurrera egiteko ilusioa eta indarra" emateko balio izan duela. Aldi berean, eskerrak eman dizkio udalari "eman duen laguntza guztiagatik".

Nagore Alkorta alkateak eskerrak eman dizkie merkatariei eta herritarrei "herrian inbertitzeko" erakutsitako konpromisoagatik: "Herria egiteko garaia da, eta gure erosketetan Azpeitian inbertitzea erabakitzen dugun bakoitzean, etorkizuna osatzen ari gara, elkarlanean".