BertanenĀ galdera-erantzunen jokoan parte hartzeko 848544 kodea erabili beharko da

Erabiltzailearen aurpegia da hau Bertan Merkatari Elkartea | Aisia
2020ko api. 17a, 16:55

Bertan Azpeitiko merkatari elkarteak galdera-erantzunen jokoa antolatu du gaur iluntzerako. Nahi duen orok parte hartu ahal izango du eta irabazleak 100 euroko erosketa txartel bat lortuko du. Partida zuzenean jokatuko da, 22:00etan hasita, eta honako lotura honetan 848544 kodea sartu beharko da jokatzeko.

Azpeitiar asko faltan sumatzen ariko da Egunean Behin aplikazioarekin egunero izan ohi duen zita. Izan ere, joko arrakastatsua denboraldi arteko etenean aurkitzen da. Tarte horretarako, Bertan merkatarien elkarteak bere joko propioa prestatu du, Egunean Behin jokoan oinarrituta. Azpeitiko saltokiekin zerikusia duten 30 galderaz osaturiko partida bat izango da, aldi berean jokatuko dute parte hartzaile guztiek eta galderak berdinak izango dira guztientzat. Asmatutako erantzun kopuruaz gain, erantzunak emateko erabilitako denbora ere kontutan hartuko da.

Gaur, ostirala, izango da partida 22:00etan hasita, eta parte-hartzea zabalik egongo da nahi duen ororentzat. Parte hartu ahal izateko, honako lotura honetan (sakelakotik, ordenagailutik zein tabletetik egin daiteke) jokoaren kodea sartu beharko da; 848544 zenbakia. Behin kodea sartuta, erabiltzaile izena eskatuko du webguneak, eta norberak bere benetako izena eta abizena jarri beharko ditu. Antolatzaileek abiaraziko dute partida 22:00tan puntuan, beraz, beharrezkoa izango da 22:00ak baino lehen kodea eta izen abizenak sartuta prest egotea.

Behin jokoa abiatuta, merkatari elkartearen zein Azpeitiko saltokien inguruko ezagutzak izatea eskatuko duten 30 galdera erantzun beharko dituzte parte hartzaileek. Amaitzean, erabiltzaile bakoitzari bere postua agertuko zaio pantailan, eta irabazleak Bertan merkatari elkartearekin jarri beharko du harremanetan 688 82 39 44 telefono zenbakira deituta. Bertanek, irabazlearen nortasuna egiaztatutakoan, sare sozialen bidez jakinaraziko du haren izena. Sari gisa, 100 euroko erosketa txartel bat eskuratuko du irabazleak. Azken orduko arazorik badago, Facebook eta Instagram sare sozialen bidez jakinaraziko du Bertanek.

Ekimen horrekin, herritarrei konfinamendua arintzeaz gain, herriko saltokietaz oroitzeko eskatu eta dakitena erakusteko aukera eman nahi die merkatarien elkarteak. Izan ere, Azpeitiko saltoki txikiak bertan zeuden, bertan daude eta bertan egongo dira, eta herritarren laguntzarekin lortuko dute.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu