Bertan geunden, bertan gaude, bertan egongo gara

Erabiltzailearen aurpegia da hau Bertan Merkatari Elkartea | Iritzia
2020ko api. 3a, 11:26

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako merkatari elkarteek, Iraurgi Berritzen garapen agentziarekin batera, mezu hau helarazi nahiko genuke:

COVID-19ak sortu duen alerta egoera dela eta, herriko saltoki batzuek itxi beharra izan dute. Pentsa autonomo batentzat zer den hori. Bere ogibidea dena ixtea. Baina herritarren osasuna lehenetsita, inolako trabarik ipini gabe, halaxe egin dute. Denon onerako.

Dendako ateak itxita, barruko lanetan daramatzate egunak. Batzuk, genero berria ilusioz jaso eta gure etorrera egunerako dena prest izateko indarrarekin lanean dihardute. Beste batzuk, telefono zerbitzua eta etxera eramateko sistema martxan jarri dute. Dena herritarrengan pentsatuz, ezer falta ez dakigun. Bide batez, eskertu nahiko genuke, erosketak egiteko beharra duten herritarrrei laguntzen ari diren boluntarioen lana.

Beste saltoki batzuek lanean dihardute. Lehen beharrak asetzeko gaitasuna dutenak, lehen minututik zabalik daude. Saltoki horiek herria eta herritarrak zaintzen dituzte, beraien osasuna modu esponentzialean arriskuan jarriz. Horiek dira herriari jaten ematen diotenak. Horiek dira une beltz hauetan geure kaleei eta norberari ere normaltasun itxura pixka bat ematen dietenak.

Denontzat egoera latza den garai honetan, herriko saltokiek beraien gertutasuna, konfiantza, lasaitasuna eta berotasuna ematen jarraitzen dute. Orain ere, hor daude. Beti egon diren moduan.

Hau dena normaltzen denean, saltoki asko eta asko izango dira beraien ateak irekita mantentzeko zailtasunak izango dituztenak. Egunerokotasunari aurre egiteko gure beharra izango dute, guk orain beraien beharra dugun bezala.

Orain beraiek zaintzen gaituzte, bezeroak erosketak lasai egin ahal izateko babes neurri guztiak hartuz. Ondoren, gure beharra izango dute, guk zaindu beharko ditugu, galdu nahi ez baditugu. Ez dezagun ahaztu inoiz.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu