Hainbat berrikuntzarekin egingo dute Azpeitiko merkatariek moda desfilea

Erabiltzailearen aurpegia da hau Bertan Merkatari Elkartea | Ekonomia
2019ko aza. 8a, 15:00

Azpeitiko dendarien moda desfilea izango da azaroaren 15ean, ostirala, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Azaroaren 11n, astelehenean, desfilerako sarrerak salgai jarriko dira Sanagustin kulturgunean bertan.

Bertan Azpeitiko merkatari elkartearen ekimenez antolatu dute herriko merkatariek moda desfilea. 2016 eta 2017 urteetan udaberri-uda denboraldiko produktuak aurkeztu zituzten herriko merkatariek. eta oraingo honetan udazken-neguko bildumak aurkeztuko dituzte jendaurrean. Baina, aurreko edizioetan bezala, "Bertan bizi, Bertan erosi" filosofian oinarrituta, herritik eta herriarentzat eginiko desfilea izango da. Herritik, bertako jendearen parte-hartzea izango delako, eta bertako herritarrentzako zuzendutakoa izango delako.

Hala ere, berritasun nabarmen bat izango du aurtengo desfileak, Azpeitiko merkatariek hain barneratuta dituzten inklusio eta aniztasun balioak presente izango ditu ekitaldiak. Horretarako, Atzegiren parte-hartzea izango du Bertanek eta elkarte horretako zenbait lagun arituko dira modelo.
Dibertsioa ziurtatuta izango da moda desfilean, ez dira faltako musika, umorea eta kultura. Ihintza Elustondok zuzenduko du desfilea, eta Mirari Zubizarretaren eta Vincent Stoelzaed-en yoga-dantza ikuskizunak girotuko du atseden tartea. Gainera, bertaratzen den jendearen artean sariak zozkatuko dira.

Azaroaren 15eko moda desfilean Azpeitiko hamabi denda hauen proposamenak ikus ahal izango dira pasarela gainean: Biur, Nerea eskulanak, Kaïoa, T-Wild Clothing, Ilargi, Koket, Zume, Alar mertzeria, Zuri-Beltz, Luix Beltza eta Aitzaki Kirolak. Gainera, Inar Optikak zenbait betaurreko aurkeztuko ditu, eta Prest tindategiak arropa zaintzeko aholkuak eskainiko ditu. Farmazabal parafarmaziak, berriz, 'sorpresatxoak' izango ditu bertaratzen direnentzat. Desfilean bertan, Kimetz eta Garai ile-apaindegien orrazkerak eta Jone eta Maikarren makillajeak ikusteko aukera izango da.

Ekitaldi berezi honetarako behar bezala apainduko dute Sanagustin kulturgunea; lan hori egiteko ardura izango dute Naiara Larrañagak eta Irene Altuna lore dendak.

Bi sarrera mota izango ditu moda desfileak. Eserita ikusi nahi dutenek hiru euro ordaindu beharko dituzte, eta zutik ikusi nahi dutenek euro bat. Sarrerak azaroaren 11n, astelehenean, jarriko dira salgai Sanagustin kulturgunean bertan.

Bertan elkarteak eskerrak eman nahi dizkie ekintza aurrera ateratzea posible egin duten erakunde eta norbanako guztiei: modelo lanak egiteko interesa agertu duten herritarrei, parte hartuko duten dendei, ile-apaindegiei, dekoratzaileei, Atzegiri, Sanagustin kulturguneari eta Azpeitiko Udalari.

Beraz, badakizue, arratsalde eder bat pasatu eta herriko dendetan aurkitu daitezkeen produktuak ikusi nahi badituzue, etorri Azpeitiko dendarien desfilera, azaroaren 15ean, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu