'Nolako Azpeitia nahi duzu?' kanpaina abiatuko du Bertanek, herritarrak gogoetara bultzatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2018ko aza. 26a, 15:44
Erdikalea erdi hutsik.

Herriko 180 saltokik erakusleihoak estaliko dituzte azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean eta 2an. Kanpainarekin, herritarrak saltoki txikien garrantziaz ohartarazi nahi ditu Bertanek. 

Azpeitiko Bertan merkatarien elkarteak herritarrei gogoeta eginaraztea xede duen kanpaina jarriko du martxan datozen egunetan. Nolako Azpeitia nahi duzu lelopean egingo du kanpaina Bertanek, eta herriko kaleei saltokirik gabeko itxura emango diete; izan ere, hausnarketarako tarte bat zabaldu nahi dute herriko dendariek. Horretarako, Azpeitiko 180 saltokik erakusleihoak estaliko dituzte azaroaren 30ean arratsaldez eta abenduaren 1ean eta 2an egun osoz. Egun horietan, erakusleihoak estalita izan arren, saltoki guztiak zabalik egongo dira ohiko ordutegian. Erakusleihoak estaltzeko erabiliko duten plastiko beltza, jaso egingo dute kanpaina amaitzean, eta beste erabilera bat izan dezan, nahi duen ororen eskura jarriko du Bertanek. Ondoren, abenduaren 3tik aurrera, saltokiek bihotz formako globo gorriekin apainduko dituzte establezimenduak, eta kalean jarritako Gabonetako argiak ere egun horretan piztuko dituzte.

Merkataritza txikiak bizi duen egoera kezkagarriaren aurrean –egunetik egunera, gero eta gehiago dira euren negozioa itxi beharrean aurkitzen diren merkatariak–, bezeroak sentsibilizatzea nahi du Bertanek aurki abiatuko duen kanpainarekin. Azpeitian erosketak egiteak bertako ekonomia hauspotzen du. Hala ere, badirudi herritarren zati handi batek ez duela hausnarketa hau egiten kontsumo erabakiak hartzerakoan. Egoera aldatzen ez bada, herriko dendei beren ateak ixtea beste aukerarik ez zaie geratuko; bata bestearen atzetik. Askotan, ez gara konturatzen zer daukagun, galtzen dugunera arte. Horregatik, merkataritzak herriari ematen dion argia, bizia eta segurtasuna nabarmendu eta saltokiak ixteak suposatuko lukeena islatu nahi dute tokiko dendariek.