San Inazio jaien bueltako zozketa berezia egingo du Bertanek hilaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2018ko uzt. 3a, 15:15
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Bertan merkatarien elkarteak herriko jai nagusiekin lotutako zozketa antolatu du. Uztailean zehar elkarteko saltokietan erosketak egiten dituzten herritarrek boleto bat bete ahal izango dute beren datuekin, eta horiek San Inazio jaietako zozketa potoloan parte hartuko dute. Pilota partidetarako sarrerak, zezenketak ikusteko txartelak eta barraketarako fitxak banatuko ditu Bertanek zozketan parte hartzen duten lagunen artean. Uztailaren 25ean, asteazkenez, jakinaraziko da zeintzuk diren irabazleak.\ \ Zozketan parte hartzeko ez da beharrezkoa Azpeitia Txartela erabiltzea, bezero guztiek izango dute boletoa betetzeko aukera. Edozein kasutan, Azpeitia Txartela erabiltzen dutenek, boletoa betetzeko aukera izateaz gain, pintxoa eta tragoa doan eskuratzeko aukera ere izango dute. Izan ere, Azpeitia Txartelarekin erosketak egitean, noizean behin, datafonoko txartelean sariak aterako dira; Azpeitiko Tabernarien Elkarteko (AZTE) tabernetan pintxoa eta tragoa eskuratu ahal izango da, hain zuzen ere. Bezeroek txartel saritua aurkeztu beharko dute beraiek nahi duten AZTEko tabernan, eta pintxo bat eta tragoa eskuratuko dituzte. Honako hauek dira AZTE elkarteko tabernak: Etxe-Zuri, Ertz, Korrale, Topa, Orkatz, Mugari, Zuhatz, Intz, Eperra, Fideo eta Sanagustin kulturgunea.\ \ Kanpaina honen bidez, herrian erosketak egiten dituzten bezeroei San Inazio jaiak eta festa aurreko egunak gogotik disfrutatzeko aukera eskaini nahi die Bertanek.