Foru Aldundiko diru laguntzak

Gaurko (hilak 29) 'Hitza'n irakurri dut Foru Aldundiko Batzar Nagusiak, Azpeitiari dagokionez,

24.994.191 euro inbertituko dituela, horietako diru partida bat, 800.000 euro Soreasuko kultur gunerako izango dela.

Kantitateari dagokionez, aldaketa handia ikusten dut, bestela begira abenduaren 23an Uztarriak ekarri zuen titularrari: "Foru Aldundiak Soreasurako 1.750.000 euroko laguntza onartu du". Hau horrela bada, izugarrizko diru murrizketa ikusten dut eta gustura jakingo nuke zergatik izan den aldaketa hau.

Baita ere, jakin nahi nuke eta dagoenekoz jakin behar genuke zer asmo dituen Udalak Soreasuko proiektuari dagokionez, Uztarriak Kultur Koordinakundeak, herriko hainbat taldeekin eztabaidatutako, Kafe Antzokiaren proposamena, kontuan hartu al duen edo ez.

Beldur naiz, oraingo honetan ere, gehienean egin duten bezala, azkenean, udaletxean, beraien "petit-comité" horretan erabakitako proiekturen bat martxan jarriko dutela. Baina, har dezatela kontuan, herriko kultur mugimenduaren nahiari bizkarra ematen badiote, gero, partehartzea ere halakoa izango dela.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide