Gutuna

Agur, Basanderiek. Orain zer?

Erabiltzailearen aurpegia Basanderiek asanblada feminista. 2021ko aza. 15a, 16:50

Hau agur gutun bat da, Basanderiek talde feministak bere zikloa amaitu du. Orain, Azpeitiko emakumeoi dagokigu hemendik aurrera nola antolatu nahi dugun erabakitzea: belaunaldiarteko espazio batean, asanblada moduan, talde moduan... Aukerak irekita dauzkagu eta birsortzeko momentua da. Hori dela eta, bilera bat izango da asteazkenean, azaroaren 17an, 17:00etan, Emakumeen Txokoan. Bertan, Emakumeon Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguneko mobilizazioaren inguruan hitz egingo dugu, eta hemendik aurrerako antolamenduaz ere hausnartuko dugu.

Bost urte pasatu dira Azpeitiko hainbat emakume gaztek Basanderiek talde feminista martxan jarri genuenetik. Ilusioz hasi genuen bidea: izena hautatu, lehen ekimenak egin, gure praktika militantearen forma zehazten joan, gure burua formatu, hitzaldiak antolatu, sormena herri mobilizazioetan txertatu... Bide honetan aldatu gara eta aldatu da herria ere. Gure indarrek gorabeherak izan dituzte, motibazio handiko momentuak bizi izan ditugu eta baita ahulago sentitu garen momentuak ere. Hala ere, beti sentitu izan ditugu gertu feminismoa herrian lantzen duten pertsonak eta eragileak, mugimendu oso baten parte sentitu gara.

Dena ez da polita izan, ordea, eta azken urteetan militante kopuruaren beherakada bat izan dugu, eta jarraitu dugunok nekea eta pisua sentitu dugu gure bizkarretan. Zaintza aldarrikatzen dugu, modu kolektibo batean egin nahi diegu aurre emakumeonganako injustiziei, eta baita gainerako injustizia sozial eta ekonomikoei ere. Zaintza aldarrikatu eta gure artean praktikan jartzen saiatu arren, hutsuneak izan ditugula ere aipatu behar da. Hala ere, gustura gaude egindakoaz, azken urteetan mobilizazio ikaragarriak izan dira herrian feminismoaren bueltan, oso parte hartzaileak, eta herriko emakume ugarik gure aldarrikapenekin bat egiten dutela sentitu dugu eta sentitzen dugu. Eskerrik asko guztioi, bihotzez, eta batez ere gure mobilizazioetan aktiboki parte hartu duzuenoi; sormenetik, lanetik, txikitasunetik hau guztia posible egin duzuenoi.

Badaude ikuspegi ezberdinetatik feminismoa lantzen duten eragileak eta norbanakoak herrian eta ziur gaude zapalkuntzen aurrean borrokatzeko borondatea ez dela falta. Honek bere bilakaera izango du ezinbestean. Ez dugu gure arteko gatazka amaigabeetan sartzeko asmorik, ezta dikotomia antzuetan ere. Gatazka beharrezkoa da injustiziak dauden bitartean, baina guk sistema patriarkal kapitalista homofobo, transfobo , arrazista eta kolonialari deklaratu genion gerra, ez dugu ahizpen arteko borroketan sartzeko asmorik. Horrek ez du esan nahi desberdintzen gaituena atzean utzi behar denik, baina borroka feministak jakin izan du helburu beraren azpian elkartasunezko olatuak sortzen, eta indar horretan sinesten dugu.

Hau agur gutun bat da, Basanderiek talde feministak bere zikloa amaitu du. Orain, Azpeitiko emakumeoi dagokigu hemendik aurrera nola antolatu nahi dugun erabakitzea: belaunaldiarteko espazio batean, asanblada moduan, talde moduan... Aukerak irekita dauzkagu eta birsortzeko momentua da. Hori dela eta, bilera bat izango da asteazkenean, azaroaren 17an, 17:00etan, Emakumeen Txokoan. Bertan, Emakumeon Aurkako Indarkeriaren Kontrako eguneko mobilizazioaren inguruan hitz egingo dugu, eta hemendik aurrerako antolamenduaz ere hausnartuko dugu. Bertaratzera animatu nahi zaituztegu adin, lanbide, ikasketa, bizi eta pentsamendu ezberdinetako emakumeak, denok gure aletxoa jarrita mugimendu feminista bizi bat herrian eraikitzea posible dela uste baitugu. 

Berriz ere, eskerrik asko ibilbide honetako bidelagun guztiei.

Gora borroka feminista!