Herritar ugari alarguntasunaren inguruko hitzaldian

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2015ko aza. 17a, 12:00

Hirurogei lagunetik gora elkartu ziren joan den azaroaren 11n, Maite Bilbaok, Euskadiko emakume alargunen elkarteko lehendakariak, alarguntasunari buruz eskainitako hitzaldian. Hitzaldian eta ondorengo solasaldian argi gelditu zen, Espainiako Gobernua alargunen pentsioak sistema orokorretik kanpo uztea ari dela mahaigaineratzen une honetan. Beraz, guztiok erne ibili beharko dugu eta gure elkartasuna eta borroka ezinbestekoak izango dira asmo horiei aurre egiteko. Bestalde, parte hartzaileen artean nabaria izan zen alargunek (emakumeak gehienetan) duten pentsio eta diru-laguntza eskubideen inguruko informazio falta. Izan ere, laguntzak eskatu egin behar dira eta ezjakintasunez, edo ausardia faltaz, asko dira eskatu gabe gelditzen direnak; gainera, galdu egiten dituzte ez eskatzeagatik.

Horren aurrean, Baigerak bere gain hartzen du, Udalarekin elkarlanean, epe labur batean, jubilatuek eta alargunek dituzten eskubideei buruzko eta erraz ulertzeko moduko liburuxka bat etxeetara bidaltzeko ardura. Ahaleginduko da, gainera, beste bitartekoak bilatzen, modu anonimoan, erosotasunez eta ahalik eta xehetasun gehienekin informatzeko.

Azpeitiko Baigera jubilatuen elkarteak eskerrak eman nahi dizkie hitzaldian eta ondorengo solasaldi interesgarrian parte hartu zuten guztiei eta, bereziki, Maite Bilbao hizlariari, emandako argibide ugariengatik.