Duintasuna adineko emakumeentzat

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2015ko mar. 4a, 13:39

Duela 100 urte pasa, New York hiriko ehungintzako fabrika batean 140 emakume langile hil ziren sute batean. Sutea fabrikako jabeak eragin zuen emakumeek greba egin zutelako. Grebarako arrazoia, oinarrizko eskubideak defendatzea izan zen: emakumearen parekidetasuna, botoa emateko eskubidea, lanpostuak izatea, baldintza duinak izatea, eta abar. Geroztik, urtero gogoratu da egun hori mundu osoan, Emakumearen Eguna deitu zaio eta euren borrokak ez du etenik izan.

Gauzak zerbait aldatu badira ere, oraindik, asko dago lortzeko. Adibidez, erretiratuta dauden adineko bikoteetan, etxeko lanak banatzerakoak, oraindik parekidetasuna oso urrun gelditzen da. Baina bereziki salagarriak dira adineko emakumeen miseriazko pentsioak. Izan ere, emakumeen heren batek baino gehiagok 300 eta 600 euro arteko pentsioa dute. Ondorioz, pentsionista eta alargun askok hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituzte eta neguan berogailua pizteko beldur dira fakturak ordaintzeko arazoak dituztelako. Hain zuzen ere, eta datuek diotenez, familiako burua emakumea denean, pobrezia larriaren kopuruak gora egiten du. Zer esanik ez, adinean gora doan emakumea alarguna edo inoiz kotizatu gabea denean.

Bestalde, badirudi adinekook arazoak bakarrik ekartzen dizkiogula gizarteari. Adinekoen kopuruak gora egiteak, pentsiodunen eta menpekotasuna dutenen kopuruaren igoera dakar, osasun zerbitzuen gastuen igoera, eta abar. Pentsiodunak mantendu beharra gizartearentzat jasanezina den zama moduan irudikatu da, errealitatea bestelakoa danean, eta 'Ongizate' gizarteak euren bizkar utzitako lan asko ikusezinak dira. Hala nola, etxeko lanak egitea, bilobak edo adinez zaharragoak zaintzea ala seme-alaben otorduak prestatzea... Lan horiek guztiak beren gain hartu dituzte, baina hori ez da kontuan hartzen.

Produktiboa ez denak, ez du baliorik nonbait. Baina nork ordaintzen die emakume horiei? Nork kotizatzen? Noiz hartu behar da aintzat beraien ekarpena? Noizko zaintzan eta etxeko lanetan diharduten emakumeentzat prestazioa? Zer getatuko litzateke adineko amek greba egingo balute?

Bukatzeko, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista salatu nahi dugu. Euskal Autonomia Erkidegoko biztaleen artean 60 urtetik gorako 13.000 adienekok jasaten dituzte tratu txarrak, eta horietatik 9.400 emakumeak dira. Tratu txarrak pribatuan eta isilpean jasaten dituzte, batez ere, adinean aurrera doazen heinean, euren burua defendatzeko ahalmenik ez dutelako. Irainak, diruaren kontrola, abusu sexualak eta abar, hilketa ez denean. Bidegabekeria larri horren aurrean ezin dugu bestaldera begiratu, duintasuna eskatzen dugu adineko emakumeentzat.