Eserialdia, ikasle grebarako deia eginez

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ikasle Abertzaleak 2022ko urr. 21a, 08:41
Hainbat ikasle eserialdia egiten.

Azpeitiko Urola BHI institutuan klaseak eten eta eserialdia egin genuen asteazkenean, urriaren 27an izango den grebarako deia egiteko eta ikastetxeak eta hezkuntza hartzen ari diren norabidearen normalizazioarekin apurtu beharra dagoela aldarrikatzeko.

Bada hilabete bat Eskola Ibiltaria egin eta ikasturteari indarrez ekin genionetik. Eskola Ibiltaria amaitu berritan eman genuen urriaren 27an egingo dugun Ikasle Grebaren berri. Orduz geroztik, Urola Erdiko Ikasle Abertzaleok lanean aritu gara grebara begira. Asteazkenean, eserialdia egin genuen Urola BHIn, grebarako deia egiteko eta kapitalaren ofentsibak hezkuntzan hartuko duen forma salatzeko. 

Bizi dugun krisi testuinguruan, ikasle langileon egoera nabarmen ari da okertzen: ikasketa prozesuari lotutako gastuen areagotzea, edukiari garrantzia kendu eta ikastetxeak diziplinamendu zentro bilakatzea... Ofentsiba kapitalistaren aurrean aurkitzen gara, eta horretan sakontzera datoz hezkuntza erreformak. Hezkuntza prozesua hobetzetik urrun, gizarteko aldaketei egokitu eta esaneko langileak hezteko funtzioa dute. Hau da, ikasleon miserian sakontzen dute, nahiz eta gure intereserako direla esaten diguten. 

Hori guztia salatzeko eta egunerokotasunaren normalizazioarekin apurtzeko egin dugu eserialdia.  Beraz, guztioi dagokigu miseriaren betikotze eta formalizazioa helburu duten hezkunta erreformen aurrean antolatzea eta kaleak hartzea. 

Gogoratu, urriaren 27an denok Donostiara!

Aurkezpenak ikastetxeetan

Atzoko eserialdiaren aurretik, ikastetxez ikastetxe aurkezpenak egin genituen joan zen astean. Besteak beste, grebaren nondik norakoak azaldu eta antolatzearen garrantzia izan genuen hizpide.