Ikasle Abertzaleok antolakuntzarako prest ekin diogu ikasturteari

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ikasle Abertzaleak 2022ko ira. 23a, 13:01

Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideek batzar irekiak egin dituzte azken asteetan. Ikasturte berria "gogoz eta ilusioz" hasi dute. 

Ikasturte berria hasi da, eta Urola Erdiko Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideok martxan gaude dagoeneko. Heldu da iraila, eta harekin batera, ikasgeletara itzultzeko garaia. Ikasle Abertzaleok gogoz eta ilusioz begiratzen diegu datozen hilabeteei, guretzat hamaika erronkaren eta proiekturen eszenatoki baitira.

Klaseak hastearekin batera egin genituen aurreneko aurkezpen irekiak Azpeitiko ikastetxeetan. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Urola Ikastolan aurkezpenak egin ostean, beste batzar ireki bat deitu genuen Sindikatu Zaharrean, lanean hasteko nahiz ikastetxeetako deialdietara bertaratu ezin zutenak ere parte hartzeko, besteak beste. Ikastetxeetako deialdietan bezala, Batzar Zabalean gure aldarriez eta antolakuntzaren beharraz hitz egin genuen, joan zen astean egindako aurkezpenei jarraipena emanez. Horrenbestez, ekin diogu ikasturteari, eta lanerako prest gaude.

Bistakoa da azken hilabeteak ez direla batere xamurrak izan, pandemiak areagotutako krisiak alderik alde zeharkatu baititu gure bizitzak. Gainera, badirudi pandemiaren ostean aldaketa nabarmenak bizitzea egokituko zaigula. Beraz, gure egin beharretako bat izango da zeharkatzen gaituen errealitatea aztertzea eta horri aurre egiteko bitartekoak sortzea. Era berean, azken ikasturteetako eginbideekin jarraituz, ikasle langileon baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugu, hezkuntzako gehiegikeriak salatuz eta inguratzen gaituzten arazoei antolakuntzaz aurre eginez; borroka prozesu bakoitzean indarra metatuz, beti ere, konpromisotik eta umiltasunetik lan eginez.  

Eskola Ibiltaria 

Ikasturteko lehen hitzordua atea joka dugu, Ikasle Abertzaleontzat berezia den Eskola Ibiltaria. Bertan formakuntzarako tartea ez ezik, ikasleok elkarrekin egoteko eta aisialdiaz gozatzeko aukera izango dugu. Oraindik eman daiteke izena autobuserako, eta txartelak ere salgai daude Haginpe tabernan.

Hemendik, gauzak aldatzeko gogoz dauden ikasle guztiei egiten diegu antolakuntzarako deia, baita Eskola Ibiltarian parte hartzeko deia ere. Datozen hilabeteotan ikastetxeetan eta herriko kaleetan ikusiko dugu elkar!