Ondorioak ez ditzagun guk ordaindu!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ikasle Abertzaleak 2020ko ira. 11a, 11:09

COVD19-ak azkartu duen krisi kapitalistaren etorreraren aurrean eta eskoletara itzultzeko falta diren osasun bermeen aurrean, ikasleok altxatu egingo gara. Hori dela eta, unibertsitateetan, Lanbide Heziketetan eta Bigarren Hezkuntzan greba egin eta hiriburuetan mobilizazioak egingo ditugu datorren asteartean. Ikasle Abertzaleok Azpeitiko ikasleriari dei egiten diogu Ibaetatik 11:00etan hasiko den mobilizazioan parte hartzeko. Horretarako, guztiok Azpeitiko anbulatorio aurrean geldituko gara 9:45ean autobusa hartzeko.

Ikasturte berria hasiagatik, joan den ikasturte amaierako testuinguru antzekoan gaude gaur gaurkoz. Krisi kapitalistaren etorrera inoiz baino nabarmenagoa da, eta horrek burgesiaren ofentsiba bat dakar langileriaren aurka, eta nola ez, ikasle langileon aurka ere bai. Gauzak horrela, guk argi daukagu eskoletara itzultzeko berme sanitarioak betetzen ez diren bitartean aurrean izango gaituztela; horregatik, berme hauek bete arte aurrez aurreko klaseak gelditzea exijitzen dugu. Horretarako, irailaren 15ean greba egingo dugu EAEn: bigarren hezkuntzan, lanbide heziketetan eta unibertsitateetan. Mobilizazioak egingo ditugu hiriburuetan, eta azpeitiarroi Ibaetan 11:00etan hasiko den mobilizaziora joatea dagokigu.

Garbi dago krisialdi kapitalista honek mundu mailako proletarizazio prozesua jarri duela martxan, eta hezkuntza prozesua ere sistema kapitalistaren funtsezko atal izanik, aldaketak jasaten hasia da. Izan ere, etorkizunean burgesiarentzat lan-indarra salduko duen klasea lehenik hezkuntza prozesutik igarotzen da, lan-indar horren kualifikazio jakin bat lortzeko; beraz, nolako gizartea nahi den halako hezkuntza diseinatu izan du burgesiak historikoki.

Gaur gaurkoz, digitalizazio prozesu orokor bat jasaten ari gara, berrogeialdiarekin hasi zena. Eta denborak aurrera egin ahala, hezkuntzan inbertitzen den diru kopuru handi bat prozesu horretara bideratua izan dela ikusi dugu, bai eta itzulera honen zati handi bat telematikoki egingo dela ere. Beraz, esan dezakegu, prozesu hau gelditzeko datorrela, eta gizarte kapitalistaren berregokitzean teknologiak pisu handiagoa hartuko duela ere bai; hain zuzen, horregatik ari zaizkigu teknologiaren trebatze bat eskatzen. Gainera, esan gabe doa, digitalizazio prozesu honek dakarren kontrol soziala berehalakoa izango dela: horrela automatikoki kontrolatuko baita ikasle bakoitzaren garapen akademiko nahiz pertsonala, beste hitz batzuetan esanda, milaka ikasleren informazioa eta kontrola burgesiaren eskuetan egongo da uneoro.

Testuinguru geroz eta basatiago honen aurrean, ikasle langileoi hezkuntzaren gaineko kontrola eskuratzeko borroka martxa jartzea dagokigu. Arazoa agintari politikoen gestio akastunetatik harago doala uste dugu, eta krisialdi kapitalistan ikasle langileon osasuna eta interesak bermatzeko ezintasun objektiboak daudela pentsatzen dugu.

Hala ere, beharrezkoa deritzogu neurri minimo batzuk exijitzea eta aplikatzea, nahiz eta ez den borroka horiekin berehalakoan arazoa errotik moztuko. Hori dela eta sortu dugu Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu dinamika, borroka honen bitartez hainbat aldarri jarriko ditugu mahai gainean eta hauen aldeko borroka abiatuko dugu. Batetik, ikasle langileok hezkuntzara sarbidea izan dezagun bermatzea eskatzen dugu; bigarrenik, ikasketa modalitate telematikoak sortutako zailtasun akademikoek ikasleon ikasketa prozesua ez oztopatzea; eta, azkenik, lan politikoa eta militantea egiteko eskubidea.

Esan bezala, neurri hauek lortu bitartean aurrean izango gaitu burgesiak, eta lehen hitzordua datorren asteartean, hilak 15, daukagu, Ibaetatik goizeko 11:00etan hasiko dugun mobilizazioan, beraz, Azpeitiko ikasleria bertara joateko autobusa hartzera animatzen dugu. 9:45ean geratuko gara Azpeitiko anbulatorio aurrean.

Ondorioak ez ditzan langile klaseak ordaindu!