Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea izango da ekainean Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Ikasle Abertzaleak | Politika
2019ko api. 23a, 13:55

Burgesiak argi du langile klase antolatua dela bere botere posizioa zalantzan jar dezakeen bakarra. Desjabetu guztion klaseak, botere burgesak inposatzen dituen lan eta bizi formetara menperatuta dagoen gizabanakoak, antolakuntza sozialistaren bitartez soilik bereganatu dezake bere indar kolektiboa, bere boterea, gizartearen antolaketa edo ordenamendu sozial berri baterako erabili behar duena. Desjabetu guztion klaseak antolakuntza sozialistaren bitartez gorpuzten du elkartasuna eta batasuna. Baina botere burgesak banatuta eta antolatu gabe mantendu nahi gaitu, gure artean lehiatzen eta borrokatzen dugun bitartean ez ditugulako gure kateak mantentzen dituzten oinarriak kolpatzen. Horren aurrean, gazte zein hezkuntza esparruetatik kate horiek apurtu ahal izateko ezinbestekoa den Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzan lan egin behar dugu, nazio zapalkuntza gainditu eta klase batasuna gorpuztuz.

Bide horren ezinbestekotasuna azpimarratzeko beste pauso bat ematera gatoz. Gaur, Ikasle Abertzaleak eta Gazte Koordinadora Sozialistak batera antolatu dugun Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea aurkeztera etorri gara zenbait kide. Sozialismoaren defentsa egiten dugunok batera jarduteak duen garrantzia eta beharrezkotasuna mahaigaineratu nahi dugu, elkarrekin askoz indartsuagoak baikara.

Gazte Sozialiston Topagune honetan, Euskal Herri osotik dagoen borondate sozialista toki berdinean batu nahi dugu. Hori egingo dugu ekainaren 12an, 13an, 14an, 15ean eta 16an Azpeitian. Egun horietan guztietan, beste zenbait espaziotan egingo dugun lanaz gain, Azpeitian gorpuzten ari diren Esklabetako proiektuari bultzada handi bat emango diogu, denon artean etorkizun batean emango diren praktika desberdinak ahalbidetuko dituzten espazioak egokitzeko.

Antolakuntza sozialistaren bitartez ildo sozialista elikatzen duten proiektu desberdinen indarrak biderkatzea erronka militante garrantzitsua da. Proiektu eta praktika lokalen artean existitzen den isolamendua gainditu eta guztion babes eta indar kolektiboa antolatzea berebizikoa da. Gazte Sozialiston Topagune honetan, beraz, lan egiteko egunek zentralitatea izango dute, hori baita sozialiston lan filosofia: indar desberdinak antolatuz gure jardunaren potentzia biderkatzea, eta potentzia hori prozesu sozialista elikatzea xede duten proiektu desberdinak indartzeko erabiltzea.

Lan egunek zentralitatea izango dute topagunean, baina egun horietan komunitatea indartzeko eta aisialdirako momentuak ere egongo dira. Alde batetik, eskaintza kultural anitza egongo da (kontzertuak, bertso saioakā€¦) eta, bestetik, eduki politiko lantzeko eta eztabaidatzeko aukera emango duten uneak ere egongo dira. Lehenengo egunetan, lanegun formatuan espazioa egokitzeaz gain, ospakizun egunerako beharrezkoa izango duguna modu kolektibo baten prestatuko dugu. Egindako lana
ospatzea nahi dugu, bai urte guztian zehar egiten duguna, baita egun horietan egingo duguna ere. Jaialdi kapitalistaren ospakizun eredu hutsala alboratu beharra daukagu, ospakizun abstraktua ezer ospatzeko ez dugun ospakizuna delako. Baina guk badugu zer ospatu: egunerokoan antolatzen diharduten militante guztien lana pixkanaka-pixkanaka fruituak ematen ari baita Euskal Herriko hainbat txokotan. Militanteen lan horrek guztiak prozesu sozialista elikatzen dihardu, eta etorkizunean ere horrela jarraituko du. Guretzat ez dago ezer handiagorik ospatzeko hori baino.

Argi ikusten dugu sistemak gazteon grin iraultzaile guztia blokeatu eta bere bizi formetan barneratu nahi duela. Inposatu nahi diguten gazte sumiso, indibidualista eta berekoiaren aurrean prozesu sozialistara lerrokatuko diren gazte borrokalari eta konprometituak eraikitzen jarraitu behar dugu. Hori lortzeko eremu zein problematika desberdinak politizatzen hastea ezinbestekotzat jotzen dugu: pentsamendu kritiko kolektiboa, gure arteko harremanak, kultura eta aisialdi eredua, besteak beste. Bizitza politiko hori eraikitzen jarraitu behar dugu, horren bitartez militantzia eredu gero eta sendoago bat eraikitzeko asmoarekin. Militantzia ez baita zure bizitzaren zati huts bat, bizitza ulertzeko eta bertan jarduteko era bat baizik.

Parte hartzeko gonbitea zabaltzen diogu Euskal Herriko gazteria iraultzaile guztiari.

Azpeitian ikusiko dugu elkar.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu