Ikasle antolakuntzaz lortu dugu!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Ikasle Abertzaleak 2019ko api. 14a, 22:21

Azken hilabeteetan urte luzez indarrean egon den neurri baten aurkako borroka piztu zen Urola Ikastolan: batxilergo hainbat arlo gainditzeko seiko nota eskatzen zutelako, hori kentzekoaren aldeko borroka. Aldaketa honi hasiera emateko sinadura bilketa bat abiatu genuen, emaitza positiboak lortuz, ikasleriaren gehiengo handi batek sinatu baitzuen. Sinadura hauek zuzendaritzara eraman eta mintegien erantzunaren zain egon ondoren, baiezkoa lortu genuen.

Hori ikasleok antolatuz eta borrokatuz gure helburuak lortzeko izan dezakegun gaitasunaren adibideetako bat da, baina ez da bakarra: Tolosako Orixe Ikastolan eta Iruñako Eunateko ikastetxean bizi izan genituen ereduak ezin ditugu ahaztu. Ikastetxe horietan ere, ikasleak antolatuz, indarrak batuz eta borrokatuz beraien helburuak lortze bidean daudelako.

Beste hainbat adibide ere egongo lirateke, baina denen irakasgaia elkartasunaren eta antolaketaren boterea da.

Azkenik, garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako dinamikek duten potentziala azpimarratzea. Izan ere, honek erakusten du ikasleon antolakuntzak bere fruituak eman ditzakeela. Beraz, ohar honen bitartez, Azpeitiko ikasle oro animatzen dugu ikastetxetan sortzen diren dinamiketan parte hartzera, zein hauek antolatzera.

Borrokan ikusiko gara!

Azpeitiko Ikasle Abertzaleak