Karnabalak 2018

Jai karnabalean omenaldia jasoko dute lehengo eta gaurko sokamutilek eta ganaduzaleek

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sokamuturra500 2018ko ots. 7a, 15:46

Lehengo eta gaurko sokamutilek eta ganaduzaleek omenaldia jasoko dute jai karnabalean. 11:00etan izango da lehen ekitaldia, Plaza Txikian. Herritarrei bertara azaltzeko dei egiten diegu. Elkarrizketa: Joxe Luis Aizbitarte sokamutil ohia (86 urte).

Bukatzen ari da Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurreneko ospakizuneko egitaraua, baina oraindik hitzordu garrantzitsuak falta dira: karnabaletakoak. Datorren igandean lehengo eta gaurko sokamutilek eta ganaduzaleek omenaldi bat jasoko dute Azpeitian, ospakizuneko Herri Batzordeak antolatuta.

Sokamuturrean ezinbesteko protagonistak dira ganaduzaleak eta sokamutilak, sakrifizio handia egiten dute ohitura honek segi dezan. Ondorioz, aitortza publiko bat merezi dute, eta horregatik jasoko dute jai karnabalean omenaldia. (haien istorioak-eta, 'Soka ez da eten' dokumentalaren liburu formatuan, 9-14 orrialdeetan). 

Herritarrei dei egiten diegu igandeko omenaldira agertzeko. 11:00etan hasiko da, Plaza Txikian, eta 11:30ean jarraituko du, Erdikalean. Eta eguerdiko sokamuturraren ondoren, herrigunean, artzai-iñudeen kalejiran.

Omenaldiko egitaraua

10:30. Lehengo eta gaurko sokamutilek eta ganaduzaleek mokadu bat egingo dute, Zaharretan (Baigera I).

11:00. Omenaldiaren hasiera, Plaza Txikian: bertsoak, 500. urteurreneko ospakizuneko painueloak omenduei, argazki orokorra eta Musika Banda. Herritarrei azaltzeko dei egiten diegu.

11:30. Omenduak Erdikalean behetik goraino jarriko dira, sokekin, Musika Bandaren laguntzarekin. 11:50 arte.

12:00. Helduen sokamuturra.

12:30-13:30. Omenduek artzai-iñudeen kalejiran parte hartuko dute, sokamuturrari buruzko karrozaren ondoan. Plazan egingo diete harrera.

Painuelo berezi hau jasoko dute sokamutilek; ganaduzaleek ere bai.

Zezen Beltz Elkarteak, Musika Bandak, Argazki Elkarteak, Udalak, lehengo eta gaurko sokamutilek, eta sokamutuzaleek osatzen dugu Herri Batzordea. Urtarrilaren 9an hasi zen bosgarren mendeurreneko ospakizuneko egitaraua, eta astearte karnabalean izango dira azkeneko ekitaldiak, otsailaren 13an.

'Irteera' pelikula salgai

Salgai jarraitzen du Irteera pelikulak, Eguzkitzan eta Juantxo Txikin, 5 eurotan. Harrera ona izan du, eta agortzen ari da. Jai karnabal arratsaldeko zezenak irten aurreko momentuak jasotzen ditu. Urtarrilaren 27an estreinatu zuen batzordeak, Soreasun, ekitaldi nagusian. Zuzendaria: Xanti Rodriguez.