Abenduaren 31ko manifestazioari atxikimendua azaldu diote hainbat herritarrek

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2021ko abe. 27a, 15:00

Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute abenduaren 31n. Deialdi horri atxikimendua azaldu diote herriko hainbat taldek eta eragilek.

Azken hilabeteetan, herriko eragileekin, taldeekin, sindikatuekin, alderdi politikoekin eta lantokietako nahiz ikastetxeetako herritarrekin bildu gara. Josu Urbieta eta Gotzon Aranburu herriko bi euskal presoen egoerak azaldu dizkiegu horiei guztiei, eta azpimarratu diegu preso horiei salbuespenezko legedirik aplikatuko ez balitzaie, biek ala biek etxean beharko luketela.

Orain arte egin diren urrats guztiak beste pauso bat dira presoak etxeratzeko bidean, baina ez dira nahikoak. Oraindik Euskal Herritik urrun jarraitzen dute 104 euskal presok, eta horietako askok hirugarren graduan behar lukete honezkero.

Horregatik, orain da unea. Abenduaren 31n 18:00etan plazatik abiatuko den manifestaziora joateko deia egin nahi diegu herritar denei. Argazki hauetan ikus daitezke manifestazio horri atxikimendua eman dioten herriko eragileak, taldeak, sindikatuak, alderdi politikoak eta lantokietako nahiz ikastetxeetako kideak.