Maiatzaren 8an Erlon eta Xoxoten argazki jendetsua eta ekitaldia izango dira

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2021ko api. 19a, 10:32

Izan Bidea dinamikak aurrera darrai, eta, horregatik, maiatzaren 8an milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango gara. Azpeitiarroi zuzendutako hitzordu nagusia Erlokoa eta Xoxotekoa izango da. Azpeitiko plazatik abiatuko gara 09:00etan, 11:00etan Erloko gailurrean elkartuko gara eta 11:30ean Xoxoten ekitaldia egin eta argazki jendetsua aterako dugu.  

Maiatzaren 8an, presoak etxera itzultzeko bidearen hasiera aldarrikatuko dugu, eta helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da urruntze-politika bertan behera uztea eta preso guztiei gradu-progresioa aplikatzea. Izan Bidea dinamikaren barruan, gaur arte, ekimenari ekin genionean iragarritako 3.127.326 kilometroetatik ia-ia milioi bat kilometro bete dira. Hau da, gure konpromisoa da Euskal Herrian bizi garen herritarrak adina kilometro egitea.

Maiatzaren 8an milaka pertsona Euskal Herriko 650 mendi ezagunenetara joango gara. Azpeitiarroi zuzendutako hitzordu nagusia Erlokoa eta Xoxotekoa izango da. Azpeitiko plazatika abiatuko gara 09:00etan, 11:00etan Erloko gailurrean elkartuko gara eta 11:30ean Xoxoten ekitaldia egin eta argazki jendetsua aterako dugu.  

Euskal Herriko gailurretara joateko 650 tontorren igoera urriaren 3an egin nahi genuen, baina atzeratu behar izan genuen eguraldia zela eta. Orain, are gogotsuago eta indartsuago ekingo diogu erronkari, gero eta gehiago garelako ibiltarien sare hau osatzen dugunak eta kilometroak egiten ari garenak. Egindako urratsek helburu argia dute: euskal presoen egoera konpontzea eta bizikidetza eta bakea lortzeko bidean aurrera egitea.

Dinamika honek ideologia askotako pertsonak elkartzea lortu du, eta gizarte-aktibazioan eta erakundeetan egindako lana uztartuta, argi daukagu egoera hau behin betiko konpontzea lortuko dugula. Duela hilabete batzuk, ekimena aurkeztu genuenean, aprobetxatu behar genuen une berezian geundela esan genuen, eta aprobetxatzen ari gara. Eta bide hori garatzen jarraituko dugu. Adostasun politikoen eta sindikalen aktibazioa, sozietate zibilarekin batera, helburua lortzeko modu bakarra bidea elkarren ondoan egitea baita.

Bat egiten dugulako helburuetan: urruntze-politika desagertzea; presoak eta erbesteratuak Euskal Herrira itzultzea; eta gradu-progresioa aplikatzea, salbuespenik gabe. Hau da, egunero-egunero presoen eta haien senideen eskubideak urratzen dituen salbuespen-erregimena desagerraraztea.

Salbuespen-erregimenaren ondorioz:

- Gaixotasun larriak dituzten presoak eta adin handiko presoak kartzelan jarraitzen dute.

- 80 motxiladun ume baino gehiago, praktikan, umezurtz daude, eta ez daukate aukeratik ama, aita edo biak besarkatzeko, preso baitaude.

Oraindik bide luzea dugu aurretik, eta Sarek maiatzaren 8ko ekimena eta antzekoak planteatzen jarraituko du, herritarrak aktibatzen jarraitzeko, eta, modu horretan, aldarrikapenak kalean mantentzeko, gure helburuak lortu arte.

Euskal Herriko 650 menditara joateko ekimena erronka historiko bat da. Gure Herriko mendi esanguratsuenak dira; zailtasun handiko, ertaineko eta txikiko mendiak dira, parte hartu nahi duten guztiei parte hartzeko aukera bermatu nahi diegulako: mendizale esperientziadunei, familiei, umeei, helduei, nagusiei, gazteei... baita mendira urtean behin baino ez doazenei ere. Aukera zabala eskainiko dugu, bakoitzak bere neurrirako mendia hauta dezan.

Inoiz ez da egin mendi horietara egun berean milaka eta milaka pertsona joateko ekimenik, goira iristean Izan Bidea bandera zabaltzeko, gure aldarrikapenen bandera, hain zuen ere.

Ekimen polita eta esanguratsua da, urratsak emateko prest gaudela erakusteko ekimena, aldapan gora edo aldapan behera, baina guztiok batera, euskal presoen eskubideen urraketa desager dadin.

Erabilgarri dago 650tontor.sare.eus webgunea, ekimenari buruzko informazio guztiarekin. Atari horretan eman ahal izango da ibilaldietarako izena, baita herriz herri antolatu diren irteeretarako ere.

Maiatzaren 8an gailurretan elkartuko gara.

#IzanBidea