Larriki gaixo diren presoen askatasuna eskatu du Sarek

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Sare Herritarra | Politika
2019ko api. 15a, 10:41

Azpeitiko Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu anbulatorio aurrean egindako ekimenarekin. Horrez gain, euskal presoen osasunean bereziki eragiten duten funtsezko bi faktore nabarmendu nahi ditu:

> Euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politika: isolamendua, zigorraren luzapena eta urruntze politikak preso dagoen pertsonaren osasunean eragin zuzena dute, ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak... sortzen ditu. Gaixo diren presoen kasuan, gainera, gaixotasunari aurre egiteko aukerak murrizten ditu, gertukoen babesa, bizi baldintza duinak edota konfiantzazko medikuen jarraipena ez izateak eragin zuzena baitu.

> Espetxeetako osasun baldintza kaxkarrak: espetxeak berak instituzio gisa, hala nola zentroak, medikuen jarrerak eta baliabide faltak, osasunean eragin negatiboa izaten dute. Espetxeek ez dute behar bezalako osasun zerbitzua emateko aukerarik eskaintzen. Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonei ere. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.

Euskal presoen %84 lehen graduan aurkitzen da, eta ondorioz, salbuespen legedia ezartzen zaie horiei. Muturreko egoera horrek zuzeneko eragina du euren osasunean.

Egun, 253 dira espetxean dauden euskal presoak. Horietatik 20 dira larriki gaixo dauden presoak. Sarek argi du salbuespen politika hau desagertzen ez den bitartean larriki gaixo diren presoak heriotzera zigortuak izaten ari direla. Horren erakusle da orain artean preso horien etxeratzea soilik gaixotasunak atzera bueltarik ez duenean eta sendaezina denean gauzatu izana.

Horregatik, presoen eskubideak errespeta ditzaten eskatzeko, eragile sozial, sindikal eta politiko guztien inplikazioa eta laguntza behar dugu. Baina, bereziki, norbanako ororena, espetxea ere gure gizartearen zati izanik, guztion ardura baita larriki gaixo diren presoek bizi duten muturreko egoera.

Denon artean eta guztion bultzadaz lortu ahal izango dugu euskal presoen oinarrizko eskubideak betetzea eta konponbidearen eta bakearen baitan urratsak ematea.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu