Auto istripua plazan, dispertsioari stop esateko

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2019ko mar. 30a, 13:46

Gaurkoan ekimen ikusgarri bat egin dugu: auto istripu bat irudikatu dugu herriko plazaren erdian. Dispertsioa eta urrunketa 1989an hasi ziren sistematikoki aplikatzen, eta mendeku politika horrek senide eta lagunei eragiten die bereziki. Ehunka azpeitiar izan dira senide edo lagunen bat bisitatzeko urruneko espetxeetara bidaiatu dutenak: hilabete gutxiko haurrak, adineko pertsonak, osasun arazoak dituztenak... Urrunketak denei eragiten die. Astebururo 2.500 kilometro egiten jarraitzen dute Azpeitiko hiru presoak bisitatzera joaten direnek, horrek eragiten duen denbora galerarekin, kostu ekonomikoarekin eta istripu arriskuarekin.

Hamasei dira errepide istripuz presoak bisitatzera zihoazela hildako pertsonak. Hamasei pertsonaren bizitza eraman du inolako zentzurik ez duen urrunketa politikak. Senide eta lagunak zigortzeak lehen ez zuen inolako zentzurik, eta orain, are gutxiago. Garaia da dispertsioari amaiera emateko. Garaia da konponbiderako urratsak egiteko, presorik gabeko herria izan dadin gurea berandu baino lehen.

Maiatzaren 18ko Sare Eguneko ekintzetan ikusiko dugu elkar!