Maider Bastida: "Beren gurasoekin egoteko egin behar dituzten etengabeko bidaiek neke fisikoa eta urratze emozionala eragiten die motxiladun umeei"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2018ko urt. 12a, 11:27

Azpeitiko Sarek Maider Bastida elkarrizketatu du, Joseba Segurolaren bikotea eta Zuhararen ama. Gainera, Sarek herritarrei dei egiten die bihar Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko.

Asteartean ETB1eko Ur Handitan saioan motxiladun umeen gaia jorratu zuten eta ikusmin handia piztu zuen, orain arteko programa ikusiena izan baitzen. Bertan, aita, ama edo biak espetxean dituzten haurrek sakabanaketa nola pairatzen duten ikusi ahal izan genuen. Azpeitian ere badugu motxiladun ume bat, Joseba Segurolaren alabatxoa. Eta beste 15 adin txikiko azpeitiarrek ere dispertsioa eta bidaia amaiezinak jasaten dituzte espetxeratutako beren senidea ikusteko. Maider Bastida elkarrizketatu dugu, Joseba Segurolaren bikotea eta Zuhararen ama:

Nolakoa da da Josebaren bisita bat?

Lannemezan espetxean astean bi bisita egun izateko aukera du; asteko edozein egunetan, astelehenetan izan ezik. Zuhara eta biok bi astez behin joaten gara bi egunetarako. Horretarako, herriko etxe batean hartzen dugu ostatu. Umearekin beti dago bisitara sartzea, Espainian ez bezala. Frantziako espetxeetan ez dago bisita erregimen berezirik presoa guraso izanagatik. Bisita guztietan Josebarekin aurrez aurre eta etengabeko kontaktuan egoteko aukera dugu, Espainian ez bezela; beraz, nahiz eta lau hormen barruan egon, nolabaiteko naturaltasunez hiruron arteko harremana eraikitzeko aukera dugu.

Motxiladun umeen gaia dela eta, zer da Josebarentzat eta zuretzat halako bisita bat? Eta haurrarentzat?

Zuhara jaiotzeak bisiten antolaketa goitik behera aldatu du. Lehen, bisitara bakarrik joaten banintzen, orain ezinezkoa da eta bisitetara joateko laguntza antolatu behar izaten dugu. Izan ere, nahiz eta Joseba hain urrun ez egon, horrelako haur txiki batekin bidaia luzea da bakarrik egiteko, eta, horregatik, kotxean bidaiak egiten laguntzeko jendea behar izaten dugu. Bi astero hori antolatu behar izateak kezka eta lan bat gehiago suposatzen du ohiko beste kezkez aparte. Zentzu horretan, Joseba eta bion inguruan elkartasun handia topatu dugu eta jende horri esker da posible guk bisita horiek izatea, bestela ezinezkoa zatekeen.

Beren gurasoekin –gure kasuan, bere aitarekin– egoteko egin behar dituzten etengabeko bidaiek neke fisikoa eta urratze emozionala eragiten die motxiladun umeei, etengabe bidaiatu beharrak eta bisitek ume horien erritmoa ez dutelako errespetatzen eta beren gurasoekin harremana eraikitzeko toki naturalak ez direlako, ez espazio aldetik ezta denbora aldetik ere. Espetxe politikak ume horien eskubideak urratu egiten ditu. Beste hitz batzuetan esateko, haur horiek beren eguneroko inguru naturaletik atera beharra dute gurasoekin egoteko, eta behin bisitako denbora bukatu denean, aitaren edo amaren besoetatik urruntzera behartuta daude, aita, ama edo biak atzean utzi eta berriz haien eguneroko bizitzara itzultzeko. Hala ere, gure kasuan, harremana baldintza horietan eraikitzera behartuta bagaude ere, aita-alaba arteko harremana nola ari den hazten ikustea eta Zuharak aita nola ezagutzen duen eta elkar nola goxatzen duten ikustea ederra da.

Zergaitik joan behar dugu azpeitiarrok eta euskal herritarrok bihar Bilbora?

Presoak, errefuxiatuak eta deportatuak etxera ekarri behar ditugulako. Presoek, errefuxiatuek eta deportatuek gure herriaren alde borrokatzeagatik galdu zuten askatasuna, eta orain herriak berak itzuli behar ditu askatasunerantz. Herriak izan behar du indarra eta motorra. Herritar xume bakoitzaren lanik eta sostengurik gabe, oso zaila izango da. Urtarrileko manifestazioa indar eta batasun erakusketa eta animo olatu handia izaten da. Ea aurten ere hori lortzen dugun eta indar horrek jarraipena duen gainerako 364 egunetan, preso, errefuxiatu eta deportatu bakoitza etxeratu arte.

  • Azpeitiko Sarek herritar guztiei Bilbora joateko deia egiten die, ez dagoelako eskubiderik presoen senideek, motxiladun umeek eta presoen adineko gurasoek pairatzen duten mendekurako. Autobusetarako izen emate orriak Orkatz, Niza eta Urola Expressen daude.

Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira.