Preso gaixoen egoera dela-eta, osasunaren arloko profesionalekin bilduko da Azpeitiko Sare

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2016ko ira. 21a, 14:06

Preso gaixoen egoera gizarteratzeko hainbat ekimen egingo dituzte Azpeitian.

Preso gaixoen egoera nolakoa den azaltzeko osasunaren arloan lan egiten duten profesionalekin elkartugo gara Azpeitiko Sare Herritarreko kideak.

Gaur egun osasun arloan gertatzen diren errealitateen artean hauexek aurkitu ditugu:

- Espainiako eta Frantziako espetxeetan hamar euskal preso daude gaixotasun larri eta sendaezinekin. 

- Ospitalerako irteerak hilabetez eta, kasu batzuetan, hainbat urtez atzeratzen dira. Horrela, askotan gertatzen da gaixotasuna garaiz hartzeko denbora pasa eta jada gaitza oso aurreratua dagoenean diagnostikoa ematea.

- Segurtasun arrazoiek erabateko lehentasuna dute osasun eskubidearen gainetik.

- Sendagilearen kontsultan kartzelaria aurrean egotea agintzen da, eta horrela gaixoaren eta sendagilearen arteko konfidentzialtasun printzipio deontologikoa urratzen da.

- Kanpoko konfidantzazko sendagileari kontsulta egiteko aukera ukatu egiten zaio normalean, eta kontsultak ematen diren kasu bakanetan kartzelako sendagilea aurrean egon ohi da.

- Ospitalizazio frogak edo ebakuntzak egiterakoan oso ohikoa da presoa ohatilan bilurrekin lotua izatea, nahiz eta poliziez inguratuta egon. Ospitaleetan presoekin ezarrita dagoen protokoloa ez betetzea orokortuta dago. 

Egoera horiekin amaitzeko eta larri gaixorik dauden presoak aske uztea eskatzeko, urriaren 15ean manifestazioa egingo du Sarek, Donostian. Horren harira, preso gaixoen egoera gizarteratzeko, hainbat ekimen egingo ditu herrian Azpeitiko Sarek.