Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2015ko abe. 10a, 11:08

Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dugu. 1948an, Nazio Batuen Asanblada Orokorrak egun honetan aprobatu zuen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala. Lehen eta Bigarren Mundu Gudetan gertaturiko sarraski, jazarpen eta pertsonen gain eginiko gehiegikeriekin amaitzeko asmoz adostu zuten hainbat eta hainbat estatuk idatzi hau.

Bertan, Oinarrizko Giza Eskubideak biltzen dira, edozein testuinguru edo garaitan, edozein pertsonari ziurtatu beharreko eskubide minimoak, unibertsalak. Eta deklarazioa izenpetu zuten estatuek konpromezuak hartzen zituzten politika eraginkorren bitartez eskubide horiek pertsona orori ziurtatzeko.

Ondoren etorriko ziren Eskubide Zibil eta Politikoen Itun Internazionala eta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Itun Internazionala, 1966ko abenduaren 16an erakunde beraren eskutik. Hiru testu hauek, Giza Eskubideen Gutun Internazionala osatzen dute, pertsona orori estatu sinatzaileek ziurtatu beharreko arautegia.

Bestalde, 2009an, Europar Batasunean indarrean sartu zen Oinarrizko Giza Eskubideen Gutuna, Europar Batasuneko estatu kideentzat zuzenean aplikagarria dena.

Tamalez, eta izenpetzetik 50 urte pasa diren arren, araudi hortan biltzen diren eskubide asko eta asko ez dira ziurtatzen. Testu hauen balio juridikoa, mundu mailako Justizia eta Bakea lortzeko helburuz estatuentzat loteslea dena, ez da hainbat kasutan aplikatzen. Arlo ekonomiko, sozial, kultural, zibil, zein politikoan etengabe bortxatuak dira gure Oinarrizko Eskubideak, modu sistematikoan.

Arlo guzti hauetako bortxaketa oro salatu eta Oinarrizko Giza Eskubideen defentsa egiteko eguna da gaurkoa. Bortxaketa oro jasaten duenari elkartasuna adieraztekoa. Herrien eta pertsonen elkartasunik gabe ez baitago Justizia eta Bakea lortzerik. Beraz, besarkadarik beroena zapaldu guztiei.

Egun honetan, Azpeitiko Saretik, Giza Eskubideen bortxaketa sistematikoa modurik gordinenean pairatzen duten Euskal Preso, Iheslari eta Errefuxiatuekin gogoratzea, egin dezakegun ekarpen minimoa da. Kolektibo hauek, Euskal Herriak urte luzez bizi izan duen gatazka politiko-armatuaren, eta bizirik dirauen gatazka politikoaren ondorioz dituzte beren Oinarrizko Eskubideak bortxatuta.

Aipatu dugun arautegi unibertsala, mendeku hutsean oinarritzen den politiken bitartez ezerezera murrizten dute estatu frantziar zein espainiarrak. Ulertezina litzateke bestela, eurek izenpetu zituzten arautegi hauen bortxaketa sistematikoa. Erabaki politikoen bitartez, beraz, lotesleak diren arauak ez dira aplikatzen hiritar batzuentzat, Zuzenbide Estatu gisa definitzen den estatu ororen oinarrizko printzipioak alde batera uzten direlarik. Ez dira zuzenbide estatuak euren existentzia eta boterearen iturri diren herritarren eskubideak zapaltzeko, boterea modu arbitrarioan darabiltenak. Zapaltzaileak eta autoritarioak baizik.

Gaurko egunez gogora ekarri nahi ditugu, larriki gaixorik dauden preso politikoak, sakabanaketa pairatzen dutenak, eta herrira itzuli ezin duten errefuxiatuak. Euren eskubideak ere Giza Eskubideen Oinarrizko arautegi internazionalean barnebilduak daude, juridikoki pertsonak baitira, eta ikuspegi sozial batetik, gure herritarrak. Saretik, gatazkaren konponbidean aurrera egin eta Euskal Herriarentzat bake iraunkorra lortzeko, kolektibo hauen giza eskubideen onarpena eta berehalako aplikazioa eskatzen dugu eta eskatuko dugu. Zapalkuntza eta bortxaketa hauek gainditzen ez badira, ez baitugu sekula gatazkaren amaierarik ikusiko. Etxean izan artean, euren oinarrizko eskubideak errespetatuak izatea bortxatu ezinezko minimo bat bezala ikusten dugu; gatazkaren ondorioz zapaldutako pertsonak baitira.

Beraz, zapalkuntza eta bortxaketa oro jasaten duen edonori, dei egiten diogu aldarri hau berea egin dezan; azken finean, Mikel Laboak zioen bezala "batek gose diraueno, ez gara gu asetuko; bat inon loturik deino, ez gara libre izango". Eskubideak defendatzen ditugu, ez imajinazioak edo erokeriak.

Aipatu dugun arautegi bloke horretatik, Nazio Batuen Erakundeak preso diren pertsonei aitortu beharreko eskubide zenbait bildu ditu. Nazio Batuen Erakundeak Bakea eta Justizia internazionalak lortzeko bidean hainbat eta hainbat deklarazio eta testu egin ditu. Herritar bezala, estatuek eginiko eskubide bortxaketa oro salatzea da gure betebeharra, eta horregatik gure presoek dituzten eskubideak bildu nahi izan ditugu. Argudioak ditugulako, arrazoia dugulako.

Testua luzea den arren, egun honetan Euskal Preso, Iheslari eta Errefuxiatuek hainbeste merezi dutela uste dugulako bildu dugu informazio hau. Behin eta berriz bortxaketak ematen direla salatzea ez baita nahikoa, benetan zein eskubideren gain ematen diren ez badakigu.

Euskal preso eta iheslarien oinarrizko eskubide hauek errespetatzea eskatzeko, hainbat ekimen egingo dira datozen asteotan eta Azpeitiko Saretik azpeitiar guztiak beraietan parte hartzera deitu nahi ditugu:

  • Abenduak 24: 19:00 plazan elkarretaratzea.
  • Abenduak 31: 18:30 igerileku aurretik mobilizazioa.
  • Urtarrilak 9: Bilbon manifestazio nazionala.

Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea.