'Trenbidearen musika' kontzertu tematikoa izango da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Musika Banda 2016ko api. 26a, 12:27

Trena eta burdinbidea ardatz duten abestiak joko dituzte Udal Musika Bandako kideek, Burdinbidearen Euskal Museoan. Kontzertuaz gain, trenean Lasaora joateko aukera ere izango da. 

Udal Musika Bandaren 150. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiekin jarraituta, datorren igandean, maiatzak 1, kontzertu tematikoa eskainiko dute Bandako kideek Burdinbidearen Euskal Museoan. Bertan, Euskal Herria, Europa, Ipar Amerika eta Hego Amerikako kanta ezberdinak joko dituzte, beti ere, trena eta burdinbidea oinarri dutenak.

Kontzertua adin guztietako haurrentzako izango da, izan ere, Txantxalgara taldearen laguntza izango dute bandako kideek. Kontzertuan zehar, Xanti Agirrezabala, Mireia Galartza, Ignacio Azkue, Ignacio Arakistain eta Ekain Ibargurenek, kanten inguruko kontakizunak antzeztuko dituzte umore on-onean.

Kontzertu honetan, Jose antonio Santesteban Donostiarrak "Norteko ferrocarrilari" idatzitako zortzikoa ere estreinatuko dute. Bandarako moldaketa Unai Frantsesenak egin du.

Hemen egitaraua:

  • 12:30ean Tren ibilaldia egongo da Lasaora. Trenean ibiltzeko sei euro ordaindu beharko dira: hiru euro museorako sarrera eta beste hiru euro treneko ibilaldia.
  • 13:00etan Kontzerturako sarrera doan.
  • 13:10ean Lasaotik datorren trenari harrera. Ondoren, kalejira kontzertuaren gunera.
  • 13:15ean Trenari eskeinitako kontzertu tematikoa, Udal musika Bandaren eta Txantxalgara taldearen eskutik

Egitasmoa, Azpeitiko Udala, Burdinbidearen Euskal Museoa eta Txantxalgara Taldearekin elkarlanean antolatu du Udal Musika Bandak. Guztion partetik, igandean bertara hurbiltzera gonbidatzen zaituztegu.

Abestien xehetasunak

Amaitzeko, Unai Frantsesena zuzendariaren eskutik, kontzertuan joko diren kanten azalpen zabalago bat eskeintzen dizuegu:

  • "Burni-bideari jarritaco zortzicoa": Jose Antonio Santesteban musikari donostiarrak 1958an “Norteko” burni bidearen obrei idatziriko zortzikoa duzue honako hau. Madrid eta Hendaia lotzen zituen burni-bidea 1864ean inaguratu zen, Isabel II erreginak egin zuelarik madridetik hendaiarako lehen bidaia. Bandarako moldaketa Unai Frantsesenak egin du, Burdinbidearen Euskal Museoan egingo den kontzertu honetarako.
  •  "Articulation train": Bert Appermont musikari belgiarrak idatzia, bandako ensaioetan egiteko ariketa bat duzue honako hau. Bertan bandaren “artikulazioa” lantzen delarik, hau da, musika notek behar duten jotzeko indarra, nota bukaera eta nota batetik bestera utzi beharreko tarteak lantzen dira. Konposatzaileak lan hau bandari arinago eta erakargarriago egiteko, tren bat martxan jartzea, bidaia eta gelditzea irudikatzen ditu musika pieza honetan.
  • "Ohne aufenthalt": Eduard Straussek idatzitako polka azkar honen izenburuak dio “Gelditu gabe”. Abestiari hasiera tren geltokiko nagusiak ematen dio txistuarekin eta trena martxan jartzen da. Abesti hau Bienako urteberri kontzertu famatuan jotzen du sarri bertako orkestra sinfonikoak. Moldaketa Daniel Heuschenek egina da.
  • "Circus Express": Zirkoa trenean etortzen deneko abestia, Donato Semerano italiarrak idatzia. Zirkoko mundu liluragarri eta zirraragarria, sorpresaz beterik, tren bidaia baten experientzia ahaztezinarekin uztarturik. Ongi etorriak zirkoko trenera!
  • "The great locomotive chase": "Lokomotoraren ehiza haundia" izenburupean Ameriketako Estatu Batuetan izandako pasarte historiko bat kontatzen digu Robert W. Smith konposatzaileak. A.E.B.ko gerra zibilean,zibilez jantzitako soldadu unionista talde batek armak zeramatzan tren bat lapurtu zuen. Soldadu konfederatuak ohartu zirenean beste tren bat hartu eta atzetik segika hasi ziren harrapatu nahian. Azkenean bide luze bat egin eta gero lortu zuten trena harrapatzea eta soldaduak atxilotzea. Historio honetan oinarrituta badira 2 pelikula ere, Buster Keatonen “The General” eta Disneyk ekoiztutako “The great locomotive chase”.
  • "Orient Express": Hasiera batean Paris eta Istanbul, eta gerora London eta Atenas ere lotzen zituen luxuzko trena izan zen “Orient Express”. 1891-an inaguratua, gora behera haundiak izan zituen 2 mundu gerrak tarteko, 2009an egin zuen bere azken bidaia. Musika pieza hau Philip Sparkek idatzia da, hasiera batean metal talderako, eta bandarako moldaketa hau Tokio Kosey Wind Orchestra famatuak eskatu zion beraien diska batean sartzeko. Abestiak luxuzko trenean egun bat deskribatzen digu, Londonetik Beneziarako bidai bat. Londoneko Victoria estazioan gaudela, lokomotora erraldoiari txistuarekin irteera eman eta martxan nola jartzen den entzungo dugu. Martxa hartuta europako herrialde desberdinak bisitatuko ditugu eta bidaiarien eguneroko lasaitasunean murgilduko gara, azken geltokira iritxi arte.
  • "O trenzinho do caipira": Heitor Villa-Lobos brasildarrak, “Bachianas brasileiras Nº 2” obrako “Toccata” zatiari deitzen dio “O trenzinho do caipira”, nekazarien trena izango litzateke izenburuaren itzulpena. Orkesta txikia eta perkusiorako idatzi zuen, baina guk bandarako bertsio bat joko dugu S. Jefersonek eginiko moldaketan, obraren melodia nagusia ardatz duelarik. 
  •  "Chu-chu-chu, cha cha": Izenak dena esaten du, cha cha cha estiloan egindako abesti bat, trenaren txistuaren soinuaren onomatopeia erabiliaz. Warren Barker estatubatuarrak idatzia, abesti alaia eta abesteko erraza.
  • "Take the A-train": Billy Strayhornek idatzitako jazz abesti klasiko bat da. Bertan, Duke Ellington musikari ospetsuak berarentzat lana egiteko deitu eta New Yorkera bizitzera etortzeko gonbitea egin zionean, bere etxera iristeko eman zizkion azalpenak ditu abestiaren letra bezala: A trena hartu, Sugar Hillera iristeko joan lehendabizi Harlemera... Moldaketa Naohiro Iwai maisu japoniarrak egina da. Bandako instrumentu bakarlariak jazz musika egiten entzuteko abesti bikaina.