Baigerak sartutako mozioari "ez" esanaren zergatia

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2022ko mar. 10a, 12:56
Baigerako ordezkaritza astearteko udalbatzarrean. (Mailo Oiarzabal)

Azaldutako kezka sozialekin bat egin arren, mozioak izan zuen bilakaera eta hori nola idatzita zegoen ez zitzaigulako gustatu bozkatu genuen ezezkoa.

Baigera jubilatuen elkarteko arlo sozialak mozio bat sartu zuen astearteko udalbatzarrean, Osakidetzaren lehen arreta zerbitzuarekin kezkatuta zeudelako, eta EH Bilduren gehiengoarekin onartu zen. Guk ezezkoa bozkatu genuen, baina ez kezka horiekin bat egiten ez dugulako, mozioak izan zuen bilakaera eta hori nola idatzita zegoen ez zitzaigulako gustatu baizik.

Esan behar dugu, Baigerak bilera batera deitu gintuela otsail erdialdean mozioa aurkezteko eta alde guztiekin testu bateratu bat egin nahi zutelako. Guk, testua aztertu eta gero, funtsean zegoen kezka soziala ulertu genuen, baina idatzian agertzen ziren hainbat esaldi arlo sozialeko kezkatik haratago zihoazela eta mozioak kutsu politikoa zuela nabarmendu genuen.

Talka politikoan sartu gabe, kezka soziala jaso eta pertsona erdigunean jarrita, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari hainbat eskaera zehatz egiten zizkion testu bat prestatu genuen udalbatzarra baino egun dezente lehenago, testua ikusi eta aztertu zezaten, eta, beharrezkoa bazen, testu horretako hitzak edo esaldiak eztabaidatzeko. Baina ez da eztabaidarik izan, egun batzuk geroago erantzun baitziguten beren kezkak ez zirela jaso, eta desadostasuna non dagoen azaldu gabe eta eztabaidarako tarterik utzi gabe, beren mozioa aurkeztuko zutela esanez.

Lehen arretarekiko zituzten kezkak jaso eta eskaera zehatzak egin genituela ikus dezazuen, hona hemen funtsean helarazi genizkien eskakizunak, gaiarekin busti garela ikus dezazuen, nahiz eta udalak ez duen eskumenik gai honekiko: 

- Lehen mailako arreta indartzen jarraitzea irisgarritasun handiagoa bermatuz.  

- Kaltetutako pertsonak zaintzeko eta beste patologiaren bat dutenak artatzeko eskura dauden baliabide pertsonal eta material guztiak eskura jartzen jarraitzea.    

- Fakultatibo eta erizainen plaza hutsak betetzeko eskaintza zabaltzea, administrazio arloak indartuz eta profil funtzional berrien eta horien prestakuntzaren alde eginez.

- Langileak berritu, gehitu eta finkatzea.

- Lehen mailako arretako zentroen berrantolaketa dinamikoa sustatzea, eta presioak behera egin ahala, arreta presentziala berreskuratzea bultzatzea.    

- Itxaron zerrendak eta berandutze denborak murriztea bultzatzea.