EAJren udal taldeak Corrugados irekitzeko erakunde arteko lan batzordea eratzeko eskatzen dio berriro alkateari

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2021ko mai. 28a, 11:30

Enpresak argi utzi du proiektu sendoa duela, eta planta irekitzea oraindik ere bideragarria dela. Beraz, lanean jartzeko garaia dela pentsatzen dugu.

Corrugadosen irekiera bideratzeko erakunde arteko lan batzorde bat sortzea eskatzen diogu Azpeitiko alkateari, beste behin ere. Enpresak argi utzi du proiektu sendoa duela, negozio, inbertsio eta ekoizpen planetan, eta proiektuaren bideragarritasuna bermatzen duten lege-txostenetan oinarritua. Enpresak ez dio aterik itxi oraindik udalerrian jarduera berreskuratzeari, eta, beraz, administrazioen artean elkarlanean, eta enplegua eta aberastasuna sortzeko funtsezkoa den jarduera industriala berreskuratzeko formula egokia aurkitu behar dugu. Alkateari eskua luzatzen diogu hori lortzeko.

Erakundeen arteko lan batzorde batek eskura dagoen dokumentazio guztia partekatzea ahalbidetuko luke, eta lantegia berriz irekitzea posible egiteko aukerarik egokiena zein den aztertuko luke, hirigintzako eta ingurumeneko baldintza guztiak errespetatuz. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak prozesu hori errazteko borondatea agertu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak ingurumen baimena lortzeko ezarritako baldintzak betetzeko inbertsioak egiteko konpromisoa ere hartu du enpresak. Ez genuke ulertuko alkateak horrelako planteamendu bat atzera botatzea, eta uste dugu azpeitiarrek ere ez luketela ulertuko. Are gutxiago bizi dugun krisi ekonomiko honetan.

Zentzu horretan, ohiz kanpokoa litzateke alkateak Azpeitiarentzako aukera paregabe hau alferrik galtzen uztea. Udalerriaren etorkizunerako funtsezko erabakia da, eta eskatzen diogun gauza bakarra da gutxienez ateak irekitzea, elkarrekin lan egin eta egoera aztertzera. Bere ardura da. Oraindik garaiz egongo ginateke hondamendi hau gelditzeko, eta Alkorta andrea egoerak eskatzen duen mailara egotea besterik ez dugu espero. Dirurik eskatu gabe, 270 lanpostu zuzen sortu eta 50 milioi inbertitu nahi dituen enpresa bat dugu. Inbertsio horrek, gainera, lana ekarriko lieke inguruko enpresei. Beste edozein lekutan pozik hartuko lukete horrelako aukera bat izatea. Hemen, aldiz, alkateak aurpegian atea itxiz erantzun du. Harrigarria litzateke jarrera horretan tematzea.

Alkatearen eta bere borondate politikoaren esku dago bide ematea, eskakizun guztiak betez. Berriz ere EAJren lankidetza eskaintzen diogu. Proiektua hasteko gure babesa izango luke, oraingoz aukera erreal, bideragarri eta egiazko bakarra delako, etorkizunean Trukutxoren aukera baztertu gabe.