Zaborren tasa: sartu ez eta kendu, ezin mantendu.

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2020ko urr. 9a, 16:54
Udal tasa eta zergen izozteari baietza eman genion atzoko plenoan, baina Udal Gobernuari eskaera garrantzitsu bat eginez, prentsan azaldu ere egiten ez dena.

Tasak eta zergak izoztea onartu genuen, KPI negatiboa delako eta pandemiak eragindako ziurgabetasun garaian gaudelako. Baina, zaborren tasaren inguruan hausnarketa bat egin genuen, eta sortzen ari den zuloari begira eskaera bat egin genion EH Bilduri, hurrengo urteari begira, inon jaso ez dena.

Guztiok ulertzen dugu Sartu ez eta kendu, ezin mantendu esaerak suposatzen duena ezta? Bada, horixe ari da gertatzen Azpeitian zaborren tasaren kudeaketarekin.

Kontu honek urtero zulo handia sortzen duela konturatu gara, eta, soberakinik badagoen arren, berau amaitzeko bidean gaude, eta egoera urtez urte okerrera doa. 2019ko likidazioari erreparatuz gero, udalari zaborren tasak suposatu dion gastu erreala 1,8 milioi eurokoa izan da, eta, herritarrengandik tasen bitartez jasotako diru sarrera berriz 1,15 milioi eurokoa izan da. Beraz, gastuen %60 bakarrik estaltzen da tasen bitartez. Zorionez, soberakin poltsa bat badago, baina hau ez da betirako, eta dagoena gastatzen ari da.

Tasen ordainketek zerbitzu bat kubritu beharko lukete. Badakigu hori askotan ez dela gertatzen, eta hala ere, zerbitzua ematen jarraitu behar dela. Dena den, gure ustez tasengandik jasotzen dugun diruak gastuen % 70 behintzat kubritu beharko luke, orokorrean finkatzen den minimoa delako, baina azpeitian ez da hori gertatzen. Zaborren tasetatik jasotakoarekin gastuen %60ra bakarrik iristen da.

Beraz, zaborren tasen kasuan, egoera larria izatera iristeko bidean goazela nabarmendu, eta gaiari adarretatik heldu beharko geniokeela azaldu genuen. Beharrezkoa ikusten dugu urtero egiten den zulo hori murrizteko bideak aztertuko dituen plan jasangarri eraginkor bat bideratzea. Eta horixe eskatu diogu Azpeitiko EH Bilduri, hurrengo urteari begira.