Koronabirusa Azpeitian

Neurri gehiago eskatzen ditugu asteburuetako jende pilaketak ekiditeko

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2020ko uzt. 14a, 11:56

Azken asteburuetan jende pilaketa handiak gertatu dira, eta, Udal Gobernutik neurri batzuk hartu dituzten arren, tabernetako aforoa kontrolatzearena esaterako, beraiek onartu dute ez direla nahikoak izan. Guk badugu proposamen gehigarri bat arazoa errotik mozteko.

Azken asteburuetan herrian ikusi ditugun jende pilaketak direla eta, EAJko Udal Taldeko kideak oso kezkatuta gaude. Batez ere, Ordiziako gaiak, COVID-19 gaitza oso presente dagoela gogoratzen digulako. Azken asteburuetan herriak eman duen irudia ez da batere egokia izan, eta badakigu jende pilaketa horiek astero gertatu direla Azpeitian. Hori dela eta, Udal Gobernuak berak berriki zabaldu du mezu bat kezkatuta dagoela adieraziz. Hasieratik neurriak hartu izan balira ez zen horrelakorik gertatuko. Idatzi horretan, modu xumean eta Twitter bidez bakarrik zabaldu dutena, tabernetako aforoak kontrolatzeko neurriak hartu dituztela baina ez dela nahikoa izan onartu dute. Herrian orain arte egon den permisibitateak eragin du Azpeitia juerga gune bilakatzea, eta sentsazio hori ederki baliatu dute, batez ere gazteek, herrian ondo pasatzeko, eta horrek beste herrietako jendea etortzera animatu du. Denok ikusi dugu zapatu arratsalde-gau partean Azpeitian zegoen jendetza

Egoera hau errotik mozteko, EAJren Udal Taldeko zazpi zinegotziek aurretik egin genuen proposamenarekin jarraitzen dugu. Gure ustez, asteburuetako tabernen ordutegia terrazetakoetara mugatu beharko litzateke, aurrez dagokion batzordean azaldu genuen bezala. Hau da, udal ordenantzak terrazei jartzen dien ordutegira: zapatu gauetan 01:00ak arte, eta ordutegi hori oinarri hartuta, jendea altxatu, jaso, garbitu eta ixteko ordutebete bat gehiago ematea proposatzen dugu, horrela, 02:00etarako tabernak, kanpotik eta barrutik, itxita egon daitezen. Garbi dago taberna giroan dagoela kutsatzeko arrisku handiena, eta kutsatzea horrelako gune batean gertatuz gero, kontrola asko zailtzen dela. Beraz, gure taldean garbi dugu: izan arduratsu, ekidin jende multzo handiak egon daitezkeen tokiak, erabili maskarak eta izan zuhurrak.