Azken egunetako ekintzen aurrean, erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko EAJ udal taldea | Politika
2020ko mai. 22a, 17:30

Elkarbizitzan eginiko aurrerapausoen lorratzak ezabatu nahian gauzatutako hainbat ekintza jasan behar izan dituzte azken egunotan alderdi ezberdinetako egoitza zein norbanakok. Gaurkoan, ordea, autobus publiko batean eginiko pintadekin iratzartu gara guztiok. Marra gorriak zeharkatzen dabiltza egunetik egunera zenbait arduragabe horrelako ekintzak eginez, indarra beraien eskutik hartuz, ideien dibertsitatea beren diktadura ideologikora murriztuz. Inongo defentsa posiblerik aurki ez dezaketen ekintza hauen aurrean, Azpeitiko EAJk garbi utzi nahi die horien bultzatzaileei zein gauzatzaileei irmo aurkituko gaituztela pertsona ororen ideien aurka eginiko edozein ekintza biolentoren aurrean.

Garai latzak bizi izan ditugu guztiok, albokoaren askatasuna urratzeko jasandako lotsagabekeriak ugariak izan baitira, tamalez, urte luzeetan. Ezker abertzaleak hausnarketa sakon bat egin behar lukeela deritzogu, azken egunetako ekintza hauen sortzaileengan beraiek duten erantzukizun morala tentuz aztertuz. Azken boladan zeharo gustatzen zaien kulparen lekualdaketa beste behin nabarmen erakutsi dute alderdiko zenbait buruzagik, ekintza hauen gaitzespen taxuzkorik egiteko inongo intentziorik erakutsi gabe. Herri honek izan omen du sufrimendua, hirugarren pertsonan jarritako biktima horrekiko urruntasun itzel eta hotz bat argitara utziz. Arazoarekiko prisma aldaketa estrategia honek, gertatua lausotuz, kontzientzia lasaitzera daramatza.

Gure herriak lortu dituen tolerantzia eta duintasun mailak indar handiagoa dute atzo damuko garai beltzak berreskuratu nahi dituztenen kemenak baino. Horregatik, erabat gaitzesten ditugu horrelako jarrera negargarriak eta berriro errepika ez daitezen herriaren aurrean kontzientziazio konpromiso irmoa adierazi nahi dugu. Ikur izan behar du sortzen ari garen herri berrian, elkar onartzearen bandera zuriak. Bestalde, hausnarketara gonbidatu nahi dugu herritar oro, etorkizunaren giltzak guztion onuratik etorri beharko baitu.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu