Xabier Iturbe: "Kudeaketa profesionala eta bezeroen konfiantza dira Kutxabanken kaudimenaren giltzarriak"

Erabiltzailearen aurpegia EAJren udal taldea 2014ko aza. 13a, 13:08
Xabier Iturbe eta Aitor Gorrotxategi atzoko hitzaldian.

"Zenbat eta mozkin handiagoak lortu Kutxabankek, orduan eta diru-funts handiagoak izango ditu Fundazioak bere gizarte ekintzetarako", adierazi zuen Iturbe Kutxako presidenteak atzo, asteazkena, Batzokian eskainitako hitzaldian.

 

Atzo, asteazkena, Xabier Iturbe Kutxako presidentea izan zen Batzokian, Kutxabanki buruzko azalpenak ematen. Iturbek azpimarratu zuen "kudeaketa profesionala eta bezeroen konfidantza direla Kutxabanken kaudimenaren eta Europako Banku Zentralak (EBZ) Europako bankuei egin dien estres-proban lortu duen emaitza bikainaren giltzarriak".

Azpeitiko Batzokian eman zuen hitzaldian egin zituen adierazpen horiek Iturbek, eta BBK, Kutxa eta Caja Vital erakundeen fusio hotzaren ondoren sortu den Kutxabank erakunde berriaren sorreran jarraitu den prozesua ere azaldu zuen.

Aitor Gorrotxategik, jeltzaleen bozeramaile eta datozen udal hauteskundeetako alkatetzarako EAJren hautagaiak egindako gonbidapena onartu eta hari erantzunez etorri zen Azpeitira Kutxaren presidentea.

Eman zuen hitzaldian, krisi ekonomiko eta finantzario osoaren ikuspegi bat egin zuen, eztanda inmobiliarioa eta horrek guztiak aurrezki kutxetan izan duen eragina aipatuz. Ildo beretik, azaldu zuen finantza sektorearen kolapsoa saihesteko Estatuak Europari diru-funtsak eskatu behar izan zizkiola eta Europako agintariek baldintzak jarri zituztela. Besteak beste, kaxen jardueratik ateratzea finantz-negozioa eta fundazio bihurtzea haiek. "Gure egoera ekonomikoa desberdina bazen ere, ez genuelako Europako funtsen beharrik, Europatik etorri den agindua bete beharrean aurkitu gara, eta Kutxabank sortu behar izan dugu, erakunde berri horretara pasatuz finantza arloko jarduera guztia".

Gizarteko ekintzei dagokienez, berriz, baieztatu zuen jarduera hori bermatua dagoela, eta horrek ondo funtzionatzea eta hori ondo garatzea dela Kutxa Fundazioaren helburua, eta hala izaten jarraituko duela: "Horretarako ezinbestekoa da entitate berriak, Kutxabankek, mozkinak lortzea, eta horrela, irabazi horien zati bat Gizarteko ekintzetara bideratu ahal izango da". "Zenbat eta mozkin handiagoak lortu Kutxabankek, orduan eta diru-funts handiagoak izango ditu Kutxa Fundazioak bere Gizarte lanerako", laburbildu zuen.

Aitor Gorrotxategik, bere aldetik, biziki eskertu zion Iturberi hain azkar erantzun izana gonbidapenari, eta etortzeko agertu zuen prestutasuna, eta adierazi zuen ekimena "azpeitiar askok berari adierazi izan dioten jakin-minari emandako erantzuna zela, Kutxabanken prozesua lehenengo eskutik ezagutu nahi zutelako, Bilduk eta bere plataformek Euskadiko hainbat herritan, baina batik bat Gipuzkoan, antolatutako kanpainaren gainetik".