Joan den asteburuko gertakarien inguruko hausnarketa

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2021ko ira. 17a, 08:30

Badirudi "dena libre da" mezua zabaltzen ari dela, eta ez gaude ados. Gure ustez, beste balore batzuk sustatu behar dira.

Joan den asteburuan istiluak izan dira herrian. Mutil gazte bat jipoitu zuten eta egoera larrian egon da ospitalean. Beste adin txikiko batzuk identifikatu dituzte labanak eta antzeko gailuak zituztela.

Aspaldian, astebururo gertatzen ari dira gazteen arteko juntadizoak herriko hainbat lekutan.

Orain arte, zorionez gainditzen ari garen pandemia honen kutsadura zabaltzeko arriskua eta zikinkeria ziren ikusten genituen ondorioak.

Gazteei oso gogorra egin zaie bizitzako urte onenak behar luketen bezala ezin disfrutatu izana, badakigu.

Baina, bestalde, badirudi "dena libre da" mezua zabaltzen ari dela, eta honekin ez gaude ados. Beste mezu eta balore batzuk sustatu behar dira, demokraziaren oinarri diren baloreak.

Udalak ikusten ez duenaren papera hartu duela dirudi. Garbitu zikinkeria, eta aurrera!

Baina, zoritxarrez, neurririk ez hartzeak egoera okertzeko arriskua dakar.

Konponbidea ez da erraza, baina aurre egin beharko zaio... Burua lur azpian ezkutatzeak ez dakar ezer onik.

Horrelako gertakariak berriro gerta ez daitezen, eskua luzatzen diogu udalari. Egoera konpontzen saiatzeko alboan izango gaitu.