Gaur zortzi parkean bildu zirenen jokaera axolagabea, arduragabea eta giza solidaridate izpirik gabekoa salatzen dugu

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2021ko mai. 29a, 07:48

Joan den asteko igande goizaldera izandako istiluen aurrean Azpeitiko EAJk honako hau azaldu nahi du.

Lehenik, bizi dugun osasun egoera larriari burla eginaz, joana den larunbat gau-igande goizaldean Izarraizko atean bildu zirenen jokaera axolagabe, arduragabe eta giza solidaridate izpirik gabekoa salatu nahi dugu, gogor, gainera. COVID-19aren ondorioz hil direnek, gaixotuek, ondorioak dituztenek, lehen eta orain ere lehen lerroan gure osasuna zaintzen dihardutenek, lanpostua galdu edo arriskuan dutenek, hainbat negozio jabek, eta abar luze batek, erakutsi duzuen jarrera baino errespetu gehiago merezi dute.

Gertakariei bere izenez deitu beharrean, ondo geratzeko, "guay" izateko, "jazarpen poliziala", "burgesiaren zapalkuntza", "desproportzioa", "Ertzaintza hau ez da gurea", "aurrez prestaturiko muntai poliziala", "Udaltzaingoaren kolaborazioa jazarpenean" eta bestelakoak argudiatzen dituztenei, arduraz jokatzea exijitzen diegu, eta ardura eskatzea oker egiten dutenei, jarrera desegokiak zuritu gabe, errieta egin behar denean errieta eginez, ez beste alde batera begiratu errua besteen teilatuan bilatu nahirik.

Azpeitiko Udalari, berriz, horrelakorik gerta ez dadin, beharrezkoak diren neurriak hartzeko deia egiten diogu; jakinaren gainean izanik, bai Goenan, bai Iraurgi atzean, bai Izarraizko atean, aste bukaerero "botiloi" edo dena delakoak egiten direla, ulertezina egiten zaigu Udaltzaingoa indartu beharrean udaltzain plantilla gutxiengoetan izatea, zerbitzu duin bat ezin emanik.

Azpeitiko Udaltzaingoari eta Ertzaintzari gure babes guztia eskaintzen diegu aurrera eraman behar duten lan eskerga honen aurrean. Gauzak erraztu beharrean, guztion laguntza eskaini beharrean, horrelako jarrera arduragabe eta deitoragarriek lotsa besterik ez digute ekartzen herritar bezala.