EH Bilduk Corrugadosi buruzko nolabaiteko txosten bat ezkutatu du 40 egunez

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko EAJ 2021ko api. 29a, 11:49

Honako idatzi hau kaleratu du Azpeitiko EAJk herenegungo udalbatzarra hizpide hartuta eta EH Bilduren jarrerarekin desadostasuna erakusteko.

Azkenean, Azpeitiko EH Bilduk eta alkateak eragindako asteetako atzerapenez, astearteko Osoko Bilkuran landu zen, Corrugadosen jarduerari bide eman nahirik, EAJren herri ordezkariek aurkeztutako mozioa. Eta horrekin batera, baita EH Bilduk aurkeztutako mozioa ere: justu kontrako bidetik jotzen duena.

Larria iruditzen zaigu EH Bilduk eragindako atzerapena. Helburu bakarra izan duen jokabidea: Azpeitian ehundaka lanpostu berri sortzeko aukera ezohiko bezain harrigarria usteltzen uztea. Larria bezain harrigarria EH Bilduren Udal Gobernuaren jarrera itsua eta friboloa, EH Bilduk begiak ixtea aukeratu duelako, herrian makina bat jendek pairatzen duen beharrari ez ikusiarena eginez. Larria bezain zinikoa, bere kontra-mozioak dioen bezala, "lanpostuak sortzeko aukerarik txikiena ere lantzeko duen prestutasuna" azaldu duelako, lotsagabe, lanpostu baten beharrarekin enpresara currikuluma bidali duten ehundaka herritarrei aurpegira barre eginez.

EH Bilduk bere gehiengoaren alper-harriaz onartu duen kontra-mozioa hitz hutsez jositako hutsalkeri hutsa besterik ez da: friboloa eta harrigarria, azpeitiar askorentzat ogibidea izan zitekeen aukera alferrik galtzeko ahalegin burugabean tematuta. Eusko Alderdi Jeltzaleko kideok nahiago genuke, oraindik ere, "izan zitekeen" horren ordez, atea zabalik mantendu eta "izan daitekeen" idatzi, baina EH Bilduk Azpeitian eraiki duen horma aurrez aurre dugula kontziente gara.

Larria iruditzen zaigu Osoko Bilkuran alkateak gurekiko erabilitako jarrera prepotente eta mingarria. Oso larria, prepotentziaz blai, bere aldeko tesia mantentzen duen nolabaiteko txosten juridikoa eztabaida amaitutzat eman arte ez azaldu izana, nahiz eta txostenak martxoaren 17ko data izan. Hau da, berrogei egun kajoian gordeta, ezkutatuta. Bide batez, txosten hori sakonean aztertzeko asmoa dugula adierazi nahi dugu.

Baina benetan mintzen gaituena ez da gu mindu nahi izana, EH Bilduren alkatetzaren eskuetan Azpeitia noraezean ikustea baizik. Edonola, Azpeitiko EAJko gizon-emakumeok, gure herri-ordezkariekin batera, ez dugu erraz etsiko Corrugados martxan jartzeko aukerarik txikiena dagoen bitartean. Izan ere, bai gai honetan zein besteetan, aurrez aurre dugun EH Bilduren horma itsuak ez gaitu azpeitiarren onerako lan egitetik despistatuko.